Bizkaiko Foru Aldundiak Taxio Ardanazen (Iruña, 1978) erakusketa aurkeztu du gaur goizean, Rekalde Aretoan, barriek 2014 programaren barruan. Programa hori Bizkaiko Foru Aldundiaren sormen artistikoko bekak jaso dituzten artisten lanak erakusteko sortu da. “Artista-sortzaile multzo bat ezagutzeko parada ezin hobea da barriek 2014 programa”, esan du Gonzalo Olabarria Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura zuzendariak.
Sormenerako beka hauen laguntzari esker egiten diren proposamen artistikoak erakusten dira Rekalden. Sei erakusketa indibidual izango dira guztira, eta horri esker, Foru Aldundiaren laguntzarekin beren lan plastikoa garatzeko aukera izan duten artista sorta baten lanak erakutsiko zaizkio publikoari. Iranzu Antonaren erakusketak abiatu zuen egitasmoa urtarrilean, eta horren ostean, gaurkoa, Taxio Ardanazena etorri da. Datozen hilabeteetan, Lourdes de la Villa, Mikeldi Perez, Iker Serrano eta Alvaro Gil artisten lanak paratuko dira Rekalde Aretoko Kabinete Abstraktuan.
Taxio Ardanazen erakusketak Egurre izena darama, “hitz hori asko gustatzen zait dituen radikalitate eta esanahiarengatik. Nire lanak erakutsi nahi duen kaña edota indarraren adierazlea da” esan du Ardanazek. Bertan dauden lanak, joan den urtean Bilbao Arte Fundazioan eta Mexikon egindako egoitza batetik sorturikoak dira.
Bere artelanetan sakon aztertu ditu gatazka ugariko uneetan izaten diren ordezkaritza politikoaren moduak, eta zer-nolako hondar ideologikoak dauden tartean: “artea norberaren gatazka politikoak konpontzeko erabiltzen dut, nire dualtasun pertsonal eta politikoa osatzeko, nolabait”.
Espainiako gerra zibilean errepublikanoek egindako monumentu bat aurkitu zuen ustekabean (bertako batailan eroritako guztien izenak zetozen, eta “prometemos vengaros, venceremos” leloa), eta horren ondorioz inflexio-puntua gertatu zen bere diskurtso artistikoan, baina ere berean kezka sortu zitzaion artearen inguruan, eta beharrizan pertsonalei eta kolektiboei erantzuteko duen gaitasunaren inguruan.
Hala ere, Taxioren lana ez da egituratzen letra larriz egindako historian, “nire lanak ez du erreferentzialiate zehatza gai hauekiko”, izan ere, autonomia konzeptuala eta estilistiko propioa eraiki du.
Erakusketa apirilaren erdialdera arte egongo da ikusgai.