Nontzeberri

“Taulara” mikroantzerki lehiaketak baditu irabazleak

Oihaneder Euskararen Etxeak Taulara lehiaketa abian jarri zuen joan den azaroan bigarren urtez, Euskal Herriko euskarazko antzezlan laburren sormena suspertzeko xedez. Lehiaketak antzerkigintzan diharduten sortzaileei euskarazko formatu txikiko lanak aurkezteko lekua luzatu nahi die. Proposamenak aurkezteko epea joan den urtarrilaren 24an amaitu zen.

Lehiaketan bi kategoria ezarri dira: lehenengo kategorian, jatorrizko gidoi onena sarituko da, eta bigarren kategorian jatorrizkoak ez diren, eta 2020tik hona sortutako gainerako gidoiak hartuko dira kontuan. Guztira 3.500 € banatuko dira 4 saritan eta horietako bat publikoaren saria izango da, aurkezpen egunean bertan erabakiko dena.

Bada,Taulara mikroantzerki lehiaketako lan irabazleak aukeratu ditu epaimahaiak, eta hiru lan irabazleak honakoak izan dira: lan onenaren saria Ezkaba 1938 (Benan Oregi Iñurrieta) lanak jasoko du, eta bigarren sari bat Oroitzapen Gorriak (Ainhoa Ordoñez eta Erik Perianes) izeneko proposamenak. Hirugarrena, Titapia (Anaiz Mendiboure eta Iratxe Gallardo) lanari egokitu zaio.
Ondorioz, Ezkaba 1938  lanak 1.500 €-ko saria jasoko du, obra original onena izateagatik. Beste biek, 750 €-ko sari bana irabazi dute.

Martxoaren 27an aurkeztuko dira hirurak Oihanederren, eta, aipatutako sariez gain, bertaratzen diren ikusleek publikoaren saria nori eman erabakiko dute (500€). Nabarmentzekoa da aurten proposamen arabarrak nagusitu direla, zazpi horietatik bost lurralde honetatik jaso baitira, beste bi Gipuzkoatik, eta bakarra Bizkaitik.

Hiru irabazleek zortzi asteko epea izango dute haien lanak prestatzeko eta martxoaren 27an aurkeztuko dituzte Oihanederren.

Exit mobile version