Martxoaren 27an, Antzerkiaren Nazioarteko Egunean, Taulara lehiaketako lan irabazleak aurkeztuko dira Oihaneder Euskararen Etxean.
Aurtengo saridunak arabarrak izan dira: Benan Oregiren Ezkaba, 1938; Ainhoa Ordoñez eta Erik Perianesen Oroitzapen gorriak; eta Anaiz Mendiboure eta Iratxe Gallardoren Titapia. Epaimahaiak “kalitatea eta antzezgarritasuna, deialdi honetarako beren-beregi sortutako proposamena izatea, genero ikuspegia eta emakumeen eta 35 urtetik beherako gazteen presentzia hartu ditu irizpidetzat lanak aukeratzeko orduan”.
Zortzi asteko epea izan dute haien lanak prestatzeko eta orain Oihaneder Euskararen Etxean taularatuko dituzte, Antzerkiaren Nazioarteko Egunarekin (martxoak 27) bat eginez. Aurkezpenean publikoaren saria (500 €) jasotzeko aukera izango du hiru lan hauetako batek.