Gaur, hilak 10, bertako Sanagustin kulturgunean, euskal rock eszenako azken urteotako izen esanguratsuenetakoen kontzertu paregabea ikusteko abagunea izango duzue Tatxers eta Ezezez taldeekin. 22:30ean hasiko da ekimen musikala.
Tatxers Iruñeko musika taldea da, eta pop, mod, jangle pop eta punk musiken arteko nahasketa egiten du. Gaur egun taldea Jon Salinasek (baxua, ahotsa), Martin Cirizak (gitarra, ahotsa) eta Sergio Devesak (bateria) osatzen dute. Ezpatei disdira! azken lana kaleratu zuten 2024ko irailean.
Ezezez talde bizkaitarrak duen potentziarekin zoratuko zarete, eta are gehiago, bere bigarren diskoaren Katuzaldia kantuekin. Post punka bere osotasunean, seriotasunak edo generoaren estandarrak alde batera utzita. Ezezez piezak komunitatea sortzeaz hitz egiten du, bizikidetza positiboetarako besoak zabalik izateko. Gazteen artean hain eguneratua dagoen errealitatearen zurruntasunetik ihes egin ahal izateko espazio atseginak sortzeko beharraz. Denboraldi honetan taldekideak euren armarik onenarekin egiten ari dira bira, eta betiko legez modu bikainean hibridatuko dituzte zehaztasuna, dinamismoa eta irmotasuna.
Udaberrirako disko berria ekarriko dute. Adi egon!