Tartean Teatroak Ai, Gure Juaneteak! antzezkizuna egingo du Pabellon 6 aretoan, urtarrilaren 16tik 18ra arte, hiru emanalditan. Patxo Telleriaren sormena Mikel Laboa abeslari eta musikagileari omenaldia da.
Mikel Laboaren abestiak eta kantak ezinbestekoak dira euskal kulturarentzat. Jokin Oregik zuzendutako pieza hori prosaren eta poetikaren, antzezlanaren eta musika-saioaren arteko lan hibridoa da. Telleriak gure ondare kulturalaren zenbait abesti hartu, eta gaur eguneko ikuspuntuaz birsortzeko ausardia erakutsi du: Hegazki errariak, Izarren hautsa, Bedeikatua, Negu hurbila, O Pello, Pello, Haika mutil, eta abar.
Kasu honetan, oholtza gainean hiru pertsona ikusiko ditugu: Patxo Telleria aktore-musikari bat, eta bi musikari-aktore, Adrián García de los Ojos eta Maider López. Eszenatokian ez da osagai handiegirik aurkituko, minimalismoa erabiliko da aktoreak, musikariek eta, batez ere, Laboaren musikak protagonismo handiagoa izan dezaten.
“Hamarkadak igaro dira abesti horiek konposatu zirenetik, eta ez dute orduko indarra eta emozioa galdu. Eta horregatik, hain zuzen ere, gure ondare emozionalaren ezinbesteko parte direlako, horiek berregituratzeko eta birkodetzeko ausardia izan dugu. Gureak direlako. Nireak direlako” esan du aktoreak. “Jatorrizko bertsioaren zati laburrak kantatuko ditugu tarteka, baina batez ere, kanta bakoitzaren ikuspuntu berriak eskainiko ditugu. Hitzaren eta musikaren ikuspuntu berriak. Hitzek Laboaren kanten letrak (Artze, Lete, Sarrionandiarenak…) izango dute abiapuntu, baina bide berrietatik garatuko dira, desegituratze eta desitxuratze erradikalarekin. (…) Zumetaren iruditeri estetikoa baliatuko dugu eszenografiarako, eta garai hartako agerraldi eszenikoen aurkikuntza estetiko eta eszeniko batzuk berrerabiliko ditugu”.
