Nontzeberri

Tapia: “Hasieratik baztertu nuen nire betiko tresna”

Argazkiak: Kepa Gonzalez.

Joseba Tapia musikariak, Tximela kapitainaren izarrak izenburuko lan bikaina argitaratu berri du; Luis Rezola Aranak (Tolosa 1914-1993), Tximela Kapitaina, Dueso espetxean idatzitako kantu sorta du ardatz.

Tapiaren hitzetan, “sei zaineko gitarra batek lagundu dit idatzia kantu bihurtzen. Gitarra jotzeko modua antzinakoa da. Estiloa ezaguna egingo zaizue. Kantaera ere bai. Gaia, betikoa dela esan liteke. Baina entzungo dituzuen kantuok, ederrak dira”.

Diskoa Azkarate estudioan grabatu du 2013ko irailean Jonan Ordorika soinu teknikariaren gidaritzapean. Estudioan ondoko musikariekin aritu da: Luis Fernandez (biolontxeloa) eta Jexux Aranburu (organoa).

Zergatik aukeratu duzu gitarra disko honetarako? Nola iritsi zinen hautu horretara? Kantuek eraman zaituzte ala aurretik pentsatu duzun zerbait izan al da?

Txikitatik jotzen dut gitarra. Ez Dok Hamairuren kantuak eta Beatles-enak jotzen genituen arrebak eta biok. Hiru akorde ikasi genituenetik galdu genion beldurra rock munduari. Irratian eta berbena taldeetan entzundako kantuak genituen gustukoen beranduago. Nerabezaroa garrantzitsua da, musikaren influentziak marka sakona eragiten dizu, gero bizi guzian zeurekin eramango dituzunak izango dira gehienetan. Nire influentzia horiek bizkarrean ditudala egin dut bide puska bat, eta askotan aurre egin behar izan diot nire “sen birjinak” esaten zidanaren kontra. Edonola ordutik gitarra presente izan dut nire “musika unibertsoan”. Disko honetarako egoki iritzi nion kartzelaldiko egoera kantatzeko eta gitarra klasikoa hartu nuen eskuan. Bastante nagituta nuen teknika berritzeari ekin nion eta kantuak sortzen hasi nintzen.  

Horretaz gainera, kantu batzuetan zenbait konponketa ere sartu dituzu, txeloak eta organoak, nahiz eta diskoa nahikoa minimala izan… kantu horietan elementu gehiago behar zirela antzeman zenuen?

Tximela askotan ageri da, bere testuetan, ziega-lagunekin hizketan. Sei lagun ere egon izan ziren ziega berean. Esan liteke polifonia bat zegoela hor. Bide bat izan zitekeen. Baina presoa, oro har, bakartua irudikatzen dugu, seguru aski gizartetik atera eta itxi egin dutelako, gizartetik isolatu egin dutelako. Nik ere horrela azaldu behar nuela eszenatokian, pentsatu nuen, Tximelaren beraren presentzia bermatzeko. Iruditu zitzaidan sotiltasunean ere bazutela indarra bertso hauek. Gitarra gabe oraindik egokiagoa izan zitekeen. Moldaketa askotarako irekia gelditu da. Txeloarena beranduago pentsatu nuen. Teklatuarena ere bai. Ezin nire eragin eskolatua albora utzi… Nor bere  buruarekin negoziazioa ez da beti erreza izaten. Txeloa nola gelditu den asko gustatzen zait. Belarri oneko musikaria iruditzen zait Luis Fernandez. Gitarra eta txeloa bikote ezaguna da kantari modernoetan, ez dut ezer asmatu horretan. Baina kantu multzo ederra egin dugula uste dut, Tximelak merezi bezala. 

Eta akordeoia zure jatorrizko instrumentua izanda, ez diozu lekurik utzi inon, apur bat ere ez… zergatik?

Ez zen tokatzen. Arindu, goxatu, alaitu egiten zuen trikitixak. Hasieratik beretik baztertu nuen nire betiko tresna. Beste zerbait probatzeko aukera ederra eskaintzen zidan kantutegi honek, eta bide horretan abiatu nintzen. Beti tresna berdina ibili beharra pisua suertatu liteke… Nola izaten dugun laneko gelako mahaia tarteka lekuz aldatu beharra? Horrelako zer edo zer. Errepikatzeari ihes egiteko ederki etorri liteke tresna aldaketa.  

Aukera horietan eraginik izan al dute Luis Rezola Aranaren hitzek/kantuek?

Dudarik gabe. Nola musika genezake pertsona bat erdi ilunpetan, ezkutuka kastiguaren beldur, heriotza usaina dariola, bertso bat eskribitzen? Ez dago jakiterik Tximelak berak nola kantatuko zituen, nola sentiaraziko zituen, baina nik honela irudikatu dut. Melodia hauek kantatuko zituela gitarra zahar batekin, Iparragirre bezala. Hau ere aipatu egiten du, gainera, Antoniori idatzitako gutun batean. Pista horiek ematen ditu Luis Rezolak bere bertsoetan eta askotan seinale horiexek baliatzen ditugu bide batera edo bestera abiatzeko.

Nola iritsi zinen Tximelaren testu/kantu horietara?

Bilduak eta argitaratuak zeuden Luis Rezolaren lanak Auspoa sailean. Bi liburutan datoz bertso guziak. Bai kartzelaldikoak eta handik atera ostean idatzi zituenak ere. Bakardadeko ametsak izeneko sailean ageri dira bertso hauek. Aurrez Oskorrik ere baliatu zuen Tximelaren kantu bat, bertsio bat eskaini zion bere Pub Ibiltaria bilduman.

Diskoaren alderdi guztiak bateratzeko lana egin duzula ematen du Tximela Kapitainaren Izarrak honetan; esaterako, diseinuarekin (argazkiak) bete-betean asmatu duzu…

Lehen ere elkarrekin lan egindakoak gara Juanba Berastegi eta biok Real Politik diskoan. Oso proposamen plastiko iradokitzailea dakar. Paperarekin eta beste teknika batzuk baliatuz, eta deskriptiboan erori gabe, sortzen du kartzelaldiaren irudia. Txuri-beltza, itzala baliatuz, materia gogorra bigundu edo puskatu du maisuki mezura itsasteko. Kepa Gonzalez ere aipatu nahi nuke, berak egin dizkit argazkiak. Gitarra hutsa, zuri-beltza, material ahula gotortasuna adierazteko… Batasun handia dauka diskoak, bai.

Disko hau urrats berezi bat dela esango nuke zure ibilbidean; asko pentsatutako lana; Eta tira eta tunba lanetik gertu egon daiteke kontzeptu aldetik, baina sakonagoa da.

Izan liteke. Niretzat zaila da sailkapen koherente bat egitea nire lanetan. Azkeneko lanarekin egoten gara maiteminduena. Halako burbuila batean sartzen naiz lan bakoitzean eta perspektiba galtzen dut. Sakonagoa? beharbada, kartzelaldia deskribatzen duelako. Kantuak ilunagoak dira egoera ere horrelakoa delako. Sakonagoa ere izan liteke gizakia bere bakardadean barne gogoetan ikusten dugulako. Alde handia dago, bai, Eta tira eta tunba-tik: banda militar batek morala altxatzeko jotzen du, ezin du intimoa izan.

Bai eta ilunagoa ere, kantuen artean askotariko doinuak izan arren.

Bai, egoera dramatikoa deskribatzen dute bertso hauek, baina kuriosoa egiten dena da tartean umorerako ere nolako tartea hartzen duen. Barre egiten dio bere buruari, berak nolako itxura penagarria duen esaten duenean. Edota lagunari Tolosako alkate egingo zela honezkero esaten dionean. Klase askotako umorea sortzen zaio egoerarik dramatikoenean. Doinu tristeak sortu ditut halabeharrez. Baina saiatu naiz han-hemenka ebidenteegiak zitezkeen topikoetatik aldentzen. Tarteka lortu dudala esango nuke.

Hasi al zara disko hau zuzenean aurkezten? Nola taularatzen ari zara (ze formatutan), eta nola hartu dituzte ikus-entzuleek?

Txelista eta biok irteten gara eszenatokira, bion artean eskaintzen ditugu diskoko kantuak. Oraindik saio gutxi batzuk egin ditugu baina jendea serio, atentzio osoan antzematen dugu. Orain artean izan dugun harrera ikusita, uste dut entzuleriak berehala konektatzen duela kantuen espirituarekin. Urtebetean ariko gara gutxi gora behera disko honen aurkezpen biran. Saio asko dauzkagu hitzartuta.

Exit mobile version