Gaur eta datorren larunbatera arte, Donostiako Victoria Eugenia Antzokian, Tanttaka Teatroak Muxua obra eskainiko du, 20:00etatik aurrera.
Tanttaka Teatroak horrelako parametrotan kokatu du antzezlana: “Lorenzok hamabost urte ditu, eta umezurztegia utzi eta abegi-familia batekin bizitzera joan da, Italiako hiri txiki batera. Han, Antoniorekin maiteminduko da. Antoniok sentimenduak adierazteko zailtasunak ditu, eta ez daki nola erantzun Lorenzok erakutsitako afektuari. Elena, berari falta zaion adorea ikasleei emateko gogotsu dagoen irakaslea, horren testigu izango da.
Hiru pertsonaia horiek dira maitasun, gorroto eta indarkeriari buruzko obra bikain baten protagonistak. Eta erdian, musu bat, eromena eragin dezakeen musu bakar eta sinple bat…”
Fernando Bernuések zuzendu du Ivan Cotroneoren lanean oinarrituta dagoen obra, non hiru monologoren bidez AEBetako eskola batean gertaturiko ekintza biolento bat deskribatzen duten.
Eszenatokian bi gazte Ander Iruretagoiena eta Haritz Morras eta irakasle bat, Mireia Gabilondo. Eta hiruron artean, tratu txarrak, bulling-a, homofobia edota homosexualitatea bezalako gaiak tratatuko dituzte.