Joan den ostiralean Armiarma atariko Euskarari Ekarriak webgunean japonieratik euskarara itzulitako liburu bat argitaratu da. Ez ingelesez, ez espainolez, ez frantsesez aurki ez daitekeen obra bat eman dute on-line: Takiji Kobayashi idazlearen 1928-03-15 kontakizuna. Hiromi Yoshida-k ekarri du euskarara kontakizun hau.
Japoniako literatura proletarioa deitutakoaren idazle behinena da Takiji Kobayashi. Obra laburreko idazlea (29 urte zituela hil zuten torturaturik), langile klaseak eta mugimendu obrero eta komunistak 1920ko hamarkadan bizi izan zituenak kontatzen ditu bere literaturak.
Data lazgarria da 1928ko martxoaren 15a Japoniako historian. Egun hartan hasi eta hilabete batzuetan milaka lagun atxilotu zituzten, torturatu eta, epaiketa luze baten ondoren, zigor gogorrak ezarri. Gertakari haiek azalduz, Takiji Kobayashik 1928-03-15 kontakizuna argitaratu zuen Senki (Bandera Gorria) aldizkarian.
Kobayashi-ren 1928-03-15 kontakizuna irakurtzeko klikatu hemen.