Nontzeberri

Tabakalerak bost urte bete ditu

Urtebetetzeak ospatu egin behar direnez, eta Tabakalerak bost urte bete dituenez, bertan irailaren 11 eta 12ko asteburuan, programazio espeziala antolatu dute. COVID19k sortutako egoerak bestelako zelebrazioa ekarri du, baina halarik ere ospatzeko tarte bereziak egongo dira.

Ekitaldiaren bizkarrezurra arte garaikideak, zinemak, pentsamenduak, musikak eta bisita gidatu tematikoek osatuko dute. Hasteko, Julio Le Parc artista argentinarra egongo da bertan  irailaren 10ean, bere Kuboa lana aurkezteko. Bertan dauden erakusketak ere bisitatu ahalko dira. Nestor Basterretxea. Argazkigintzaren bitartez. Kutxa Kultur Artegunearen erakusketaz gain, Tabakalerako patioak Supraspectives instalazioa hartuko du.

Zentroaren bosgarren urteurrenean Jose Antonio Sistiaga artista eta zinemagile donostiarra omendu nahi izan dute. Ostiral eta larunbat gauean, Nestor Basterretxea plazako fatxadan "ere erera baleibu izik subua aruaren…" (1968-70) lana ikusi ahal izango da. Jose Antonio Sistiagak egindako 35 mm-ko film luzea da, scope formatuan, koloretan eta soinurik gabe.

Zin Ex. Abstrakziotik algoritmora erakusketa ere badago ikusgai. Bertan, abangoardiako zinema, ordenagailuz sortutako artea eta 60ko eta 70eko hamarkadetan ekoitzitako bideoartea, filmak, instalazioak eta gaur egungo beste formatu artistiko batzuk biltzen dira.

Zine saio bereziak ere izango dira: Parasite zuri-beltzean; Handia eta THX 1138 zuzeneko musikarekin.

Eta irailaren 12an, larunbatean, bisitariek Tabakalera berraurkitu ahal izango dute. Jon Montero arkitektoak lehen pertsonan kontatuko  du birmoldaketa arkitektonikoa eta abar.

Eta Jeronimo Hagermanen Malas Madres instalazioari agur esateak, Sortwo artistaren hormako esku-hartzeak, Kiribil Konpainiaren Sableak familiei zuzendutako ikuskizunak eta Kutxa Fundazioaren eskutik Ghost Number talde donostiarraren kontzertuak askotariko egitaraua itxiko dute Tabakaleran.

Exit mobile version