Abenduaren 13an eta 14an, Tabakalerak ateak irekiko ditu kultura garaikideko zentroan kuriositatez arakatzeko, Artisten Gunea eta bertako egonaldi-programako sortzaileen jarduna ezagutzeko eta antolatuko diren ekintzetan publikoak parte hartzeko.
Egun horietan jarduera interesgarri askotarako ekimenak antolatu dira, eta erakusketetatik hasi eta sorkuntza-tailerretaraino, bertako eta nazioarteko artistekin hitzaldiak, zuzeneko ikuskizunak eta askoz aukera gehiago ere izango dira.
Ostiralean, Elías Querejeta Zine Eskolak bere jarduera zinematografikoa eta ikertzailea ikusarazi eta zabaltzeko programa prestatu du. Arratsaldean, Tabakalerako Artisten Guneak bere ateak irekiko ditu bertako artista egoiliarren estudioak bisitatu ahal izateko, eta modu horretan, Andrea Aguilera, Miren Bayona, Cesare Botti, Alba Fernández, Maria García Marraco, Zuriñe Mariño, Mar Reykjavik, Ainize Sarasola, Emmy Skensved eta Noa Verkeyn sortzaileen lana ezagutzeko modua izango da.
Eta larunbatean, 3. solairuko beste gune batean, Eginzaleak! 2024 “egitearen” kulturari buruzko topaketa izango da. Bertan teknologiaren, sormenaren eta ezagutza partekatuaren inguruko lankidetza da protagonista. Aurten, Eginzaleak! ekimenaren edizioa Food Hack Lab-ekin lankidetzan egingo da, “elikaduraren balio-kate osoan esku hartzen duten teknologiak aztertzen dituen talde irekiarekin”..
Tabakalerako zinemak ere bat egingo du Ate Irekien asteburuarekin eta zinema-ikasleen lanak ikusteko saio berezia eskainiko ditu. Nest 2024 topaketaren film labur irabazlea ikusi ahal izango da, eta aurtengo edizioko making of-a ere aurkeztuko da. Eta Elías Querejeta Zine Eskolako ikasleek zuzendutako bi film labur ere pantailaratuko dira: Julen Etxebarriaren El tercer paisaje eta Mário Velosoren Chuvas de verão.
Azkenik, musikak ere bere protagonismoa hartuko du. DJ N4JU arduratuko da Artisten Gunea girotzeaz, eta larunbatean, hilak 14, Putas Amak eta LaMia Mari taldeen kontzertuak antolatu dira.