Bilboko La Taller Grabatuen Tailer eta Galeriak zenbait mahai eskaini dizkio Susana Talayero artistari horien gainean lan egin dezan. Hala, artistak forma bitxidun liburu eta estanpak egin ditu Mahaia berriz ipini (Prozesu Grafikoak) izenburupean.
Aipaturiko liburuak inprimatze zuzenarekin, serigrafiarekin eta punta lehorreko grabatuekin egin ditu. Prozesuan dagoen egitasmoa da, eta memoria berriz aktibatzea du xede, makina bat irudiren bitartez: “joan eta etorriko bidaia, mapekin, zubiekin, neskatoekin, masa beltzekin, orban gorriekin eta kartoiekin zeharkatua”.
Talayerok irudiekin esperimentatu du liburuok osatzeko, eta irudiok haurtzaroa, beldurra, zauria eta desioa gogorarazten dute. Kontakizunak iradokitzen dute, zabaldu eta ixten diren orriak direla medio. Orriotan, gainera, irudiei loturiko testu zatiak irakur daitezke, Natalia Ginzburg, Giorgio Agamben edo Toni Maraini idazleenak, besteak beste.
