Nontzeberri

Supersuckers taldeak zabalduko du Helldorado aretoaren hil honetako egitaraua

AEBetako Supersuckers country-punk talde ezagunak irekiko du ostiralean Gasteizko Helldorado aretoak hil honetarako ondu duen programazioa. Estatubatuarrekin batera, Hipbone Slim rhythm and blues bandak joko du. Larunbatean, halaber, London Afrobeat Collective banda dantzagarria izango da oholtzan.

Supersuckers Tucson hirian eratu zen 1988an, eta Seattle hiriko Sub Pop zigilu ezagunaren bidez argitaratu zuen estreinako lan laudatua, 1992an, The Smoke of Hell. Handik bi urtera, La Mano Cornuda plazaratu zen, eta harrezkeroztik makina bat disko etorri dira, azkena, 2015ean, Holdin’ The Bag (Acetate Records). Taldeak, hasieran, energia handiko punk-rock doinuak jotzen zituen, baina urteek aurrera egin heinean, country-a jorratzen hasi ziren. Hala, egun, country-rock egitasmoa da nagusiki, punk-rock zantzuak oraindik nabaritzen badira ere.

Irailaren 19an, bestalde, The Gories talde estatubatuarrak joko du. Bi gitarra eta bateria primitibo bat erabiliz, sekulako zirrara eragin zuen rock underground-aren eszenan The Gories taldeak, 80ko hamarkadaren amaieran eta 90eko hasieran. Hirukoteak 1950eko eta 1960ko urteetako rhythm and blues klasiko ezkutuak txikituz, garage-rock banda bihurtu da.

Azkenik, irailaren 29an, Memphis hiriko rock’n’roll musikari bikaina arituko da: Tav Falco. Estatubatuarra sortzaile oparoa da, musikari, idazle, zinegile, argazkilari eta performer-a baita. Bere musikan aitzinako rock’n’rolla bestelako estiloekin nahasten du: rumba, tango, rockabilly… Falco ere kultuzko artista da rock’n’roll zaleen artean.

Informazio gehiago: helldorado.net.

Exit mobile version