Iruñeko Ziudadelako Mistoen Eraikinean, maiatzaren 5era arte, Begoña Zubero argazkilariaren NEEEV. Ez da exotikoa, hil ala bizikoa da izeneko erakusketa ikusgai izango da.
“Irakeko iparraldean dagoen Mosul hiriak hedabideetara salto egin zuen 2014ko ekainean, Estatu Islamikoak hiria hartu zuenean. Mosul gerran zehar exekuzioen, jazarpenen eta ondarearen suntsipenaren erdigune izan zen. Hiria 2015ean liberatu bazuten ere, Mosulek hondatuta jarraitzen du berreraikuntzaren zain”.
Hiriaren suntsipena, hondakinak eta hustasuna Begoña Zubero argazkilari euskaldunaren objektiboaren jomuga izan dira, eta horren emaitza ikus daiteke NEEEV. Ez da exotikoa, hil ala bizikoa da erakusketan.
Argazkietan hondakinak agertzen dira, apenas jenderik gabe, dena da triskantza. Argazki bakoitzaren giroa berezia da “argi marroixkaduna, kearen antzekoa, hondoa ikusezin egiten du, gerraren oroitzapen bat balitz bezala, ortzi-mugarik gabe. Egoera xehetasunetan islatzen da, hala nola sarraskitutako hormetan pintatutako paisaietan edo suntsitutako liburutegi baten espazio samingarrian”.
2018ko amaieran Begoña Zuberok bi hilabeteko egoitza artistikoa egin zuen Iraken Moving Artist Foundationen laguntzarekin. Besteak beste, M/D (Mosul Demolición) proiektua egin zuen han, eta haren emaitza da NEEEV. Ez da exotikoa, hil ala bizikoa da erakusketa. Erakusketa Palermoko Fondazionee Sant Élian, Trastevereko Erromako Museoan, Cataniako Fondazione La Verde La Malfan (2022) eta Kordobako Palacio de la Merced guneetan egon da ikusgai.
Begoña Zubero (Bilbo, 1962) argazkilari gisa Madrilen (Unibertsitate Konplutentsean) prestatu zen, baita New Yorken (School of Visual Arts) ere, non bizi eta lan egin baitzuen lau urtez. Bere lehenengo proiektuetatik tesi-argazkigintza garatu du, egikera tekniko, formal eta estetiko bikainekoa, eta hor dokumentazioak eta ikerketak sakontasun intelektual handiko irudiak egitea ahalbidetu diote.