Gaur, ekainaren 23an, Su Bizia! San Juan Gaua Mungia 2026 ekimenak San Juan gauaren indar sinbolikoa, kale arteen ikusgarritasuna, herritarren parte-hartzea eta Deabru Beltzak konpainiaren 30. urteurrena batuko ditu arratsaldetik iluntzera arteko ospakizun batean.
Helburua ez da soilik San Juan gauaren inguruko egitarau bat eskaintzea, baizik eta Mungia kultur sorkuntzaren, tradizio berrituaren eta kale arteen erreferentziazko gune bihurtzea egun batez. “Su Bizia! izenak berak jasotzen du ekimenaren espiritua: sua ez da hemen elementu ikusgarri hutsa izango, baizik eta komunitatea biltzeko, herria aktibatzeko eta tradizioa gaur egungo sormenetik berrirakurtzeko ikurra. Udako solstizioaren eta San Juan gauaren inguruko iruditeria kale arteekin, musikarekin, dantzarekin, bertsoarekin eta pirotekniaren lengoaiarekin elkartuko da.”
Arratsaldetik gauera arteko programazioak denetarik izango du: Zirkozaurre Taldeak eta Kalakak egurrezko jolasak egingo dituzte, haurrek, familiek eta herritarrek parte hartzeko aukera izan dezaten. Geroago, 21:00etan, dantza bertikala izango da udaletxeko fatxadan Janire Etxabe artistarekin. Horren ostean, Bizkaiko Gaiteroak, Mungiako Udal Musika eta Dantza Eskola, Gure Ametsa Txistulari Taldea eta Alaiak Mungiako Soinulari Elkarte eta taldeei esker kalera jira eder bat hasiko da.
Horren ostean hasiko da Su Bizia! Bertan, malabar argidunak, koreografia, dantza eta pebeteroaren piztea uztartuko dira, San Juan gauaren sinbolismoarekin bat eginez. Bertan ere, Markeliñe Taldeak eta Orain Bi Taldeak performance berezia eskainiko dute.
Gaueko une nagusia 22:30ean iritsiko da. Deabru Beltzak eta Taket Mungiako Bertso Eskola elkartuko dira eta Deabru Beltzak taldearen unibertso eszenikoa eta bertsoaren ahozko tradizioa hibridatuko dira, San Juan gauari amaiera berezia emateko. Ekitaldiak esanahi berezia izango du Deabru Beltzak konpainiarentzat, bere 30 urteko ibilbidea ospatuko baitu San Juan gauaren testuinguruan.
Aurre guztiarekin gozamena hartu eta gero, erromeriari hasiera emango zaio.
