Sinuöse kolektibo elgoibartarrak, beste behin, Sotoko Hotsak izeneko ekitaldia antolatu du. Aste honetako 26, 27 eta 28an, hiru talde ezberdinen kontzertuak entzuteko parada ezin hobea egongo da Elgoibarko Kultur Etxean.
Kartel berezia izango da aurtengo ediziokoa, denak rockaren inguruan mugitzen direnak. Borrokan talde Beratarraren zuzeneko potenteaz gain, Euskal Herriko mugak gainditu eta Kataluniatik bi talde etorriko dira, Cuzo eta Za!.
Borrokan taldeak lan berria grabatu eta zuzenean aurkezteko asmoa dauka. 90ko hamarkadan taldea sortu zutenetik, hiru lan luze grabatu dituzte. Hitzez ulertu ezin dena omendu nahi nuke. Oraintxe diskoa 2007an kaleratu zuten eta oraingoan, Berako Mik estudioan grabatua eta nahastua izan den Zuak izenburuko lana prestatu dute. Bere musika post-rockaren eremuan kokatu da nagusiki. Kantuetan zarata, soinu, erritmo, kolpe, isiltasun, emozio eta intentsitatea nagusitzen dira.
Cuzok, Blue Cheer edo Black Sabbath taldeetatik edan bazuen ere, garatuz joan da. 70. hamarkadako rock progresiboa eta psikodelikoaren errebisio freskagarri bat planteatzen dute Alquimia para principiantes diskoko zortzi kantu instrumentaletan.
Eta azkenik, ZA! bi pertsonak eta bi instrumentu baino gehiagok osatzen duten taldea da, baina baxu lodiak eta distortsio pisutsuak, antzinako erritmoak, free-jazza, noise, psikodelia, Tuvako artzainen kantuak, Monty Python, kapa askotako post-rocka, dronak, elektronika analogikoa eta gehiago topatu ahal da hemen. Mila tokitan jo dute (Estatu Batuak, Kanada, Errusia, Brasil, Alemania, Suitza, Italia, Ingalaterra, Belgika, Holanda, etab) eta jaialdi asko ere ezagutzen dituzte (Les Trans Musicales, Canadian Music Week, Primavera Sound, Tanned Tin, Eurosonic, etab)
Gogoratu, aste honetako 26, 27 eta 28an, Sotoko Hotsak Elgoibarko Kultur Etxean.
