Nontzeberri

Sortzaile gazteei ahotsa emateko “Emergenteen Zikloa”

Bilboko Pabellón 6 aretoak sortzaile gazteei ahotsa emateko Emergenteen Zikloa antolatu du otsailaren 12tik 15era arte. Emanaldien ondoren, solasaldi bat izango da publikoarekin.

Proposamen ausarten bidez, sortzaileok errealitatearen aniztasuna eta konplexutasuna erakusten duten gai garaikideak jorratzen dituzte. Zikloa lau ikuskizunek eta sortzen ari diren konpainiekin egingo den topaketa batek osatuko dute.

Zikloa otsailaren 12an hasiko da, Nadie sabe lo que sufre un caracol. Emakumeei buruz hausnarketa egitera gonbidatzen duen antzerki-testu bat da. “Hau ez da poesia-errezitaldi bat, ezta irakurketa dramatizatu bat ere; ez da show bat, ez ikuskizun bat, ezta antzezlan bat ere. Hau nire etxera, nire gorputzera, emakume guztien gorputzera egindako gonbidapena da: nire amaren, nire ahizparen eta nire lagunen gorputzera. Hau nire egongela txikia da, eta tarteka nire gela iluna ere bai: ikusi nahi ez dudana, ezkutatzen dudana, esan ez nuen eta esan nahi izan nuen guztia.”

Ondoren, otsailaren 13an, Ane Sagués Abad eta Cristina Tomás Olayak osatutako Las Nenas konpainiak, Manual para dos cuerpos desorientadxs egingo du. Hitzaldi performatibo honek gorputzen aurkako indarkeria estrukturalaren forma desberdinak jorratzen ditu.
Larunbatean, otsailaren 14an, Harreman konpainiaren Enbor(R)Rak antzezlanaren txanda izango da. Pieza antzerki-dantza lan bat da, sustraiak, adiskidetasuna, dantza eta, batez ere, bizikidetza ospatzen dituena.  Zikloa otsailaren 15ean itxiko da, eta egun horretan Libe Estebaranz Leizearen Mina Espazio antzezlana ikusteko aukera egongo da.

Ekimen hau Konpainia Emergenteen I. Topaketarekin osatuko da, hizkuntza eszeniko berriei eta gaur egun gazte sortzaileak interpelatzen dituzten errealitateei buruzko elkarrizketa eta hausnarketa sustatzeko. Hitzordua otsailaren 14an, larunbatean, izango da, 10:30etik 13:30era.

Informazio guztia www.pabellon6.org webgunean dago.

 

Exit mobile version