Galdakaoko Torrezabal Kultur Etxean Sormene jaialdiaren udaberriko egitaraua egingo da maiatzaren 19tik 23ra arte, eta aurten, Hezurrak eta koadernoak lelopean “iragana eta etorkizunaren artean bidaiatzeko gonbita egingo du, Galdakaoko ikasleen sormena eta talentuaren bidez”.
Aste honetan, herriko ikastetxeetako Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleek literatura, musika, antzerkia, bertsolaritza eta arte plastikoak uztartzen dituzten hainbat kultur jardueratan parte hartuko dute, eta ikasturtean zehar euskarazko sormenaren eta komunikazio gaitasunen inguruan egindako lana erakutsiko dute.
Bihar, hilak 19, abiatuko da jaialdia Torrezabal Kultur Etxean izango den V. Irakurraldi Jarraitua ekitaldiarekin. Bertan, Patxi Zubizarretaren Zerria obraren eszenifikazio berezia egingo dute ikasleek. Bertan euskal kulturako hainbat aurpegi ezagun bilduko dira, hala nola Zubizarreta bera, Uxue Alberdi idazlea, Eñaut Izagirre glaziologoa, Oihane Zuberoa idazle eta filosofia irakaslea Mikel Losada aktorea, Ana Sagastizabal sopranoa eta Lur Korta ipuin kontalari eta aktorea.
Maiatzaren 21ean, Antzerki topaketak antolatu dira Urreta ikastetxeko Lehen Hezkuntzako 5. mailako ikasleekin. Puxiken bidaia, Basoko itzalak eta Kobazuloko isilunea lanak oholtzaratuko dituzte. Eta ostiralean, ahozkotasun eta eskolarteko bertsolaritza topaketa antolatu da, eta bertan Aperribai, Gandasegi eta Urreta ikastetxeek, Eguzkibegi Ikastolak eta Elexalde eta Bengoetxe institutuek hartuko dute parte. Maider Altuna eta Naroa Torralba bertsolariek eta Mikel Mikelot musikariak ere parte hartuko dute.
Eta larunbatean, Olaia Inziartek Torrezabal Kultur Etxean emango duen kontzertuarekin itxiko da zikloa.
Jaialdiaren xehetasun guztiak: Sormene
