Nontzeberri

Sormene, euskal kultura transmititzeko modu berriak

Sormeneren udazkeneko edizioa azaroaren 26tik abenduaren 2ra bitarte izango da. Aurten, talde eragileen ekarpenak aintzat hartuta, ahozko transmisioan jarri da begia.

Aste horretan askotariko ekitaldiak prestatu dira, hala nola irakurtaldi komunitarioa, pandero-tailerrak, kantagintzari buruzko hitzaldia gurasoentzat, ikerketa-lanen aurkezpenak, bertso-saioak, antzerkiak eta bakarrizketak, beste batzuen artean.

“Ahoz edo idatziz, transmisioa behar du kulturak: artistek entzuleei, irakasleek ikasleei, gurasoek seme-alabei… gaur arte nagusiki ahozkoa izan baita kulturaren transmisioa, baina forma berriak aurkitu beharrean gaude. Behar horretan arakatzera dator Sormene. Horretarako, alde batetik, Galdakaoko sortzaileen lana eta bizimodua dokumentatu eta zabalduko du, emakumeen garrantzi bereziarekin”.
Adibidez Romualda Zuloagari buruzko Romualda Zuloaga. Panderoaren bidaia hilezkorra liburua ondu du Gontzal Carrasco historialariak eta trikitilariak, eta herrian egingo da liburuaren aurkezpena azaroaren 29an, 18:00etan. Irakurketa bateratua izango da eta Romualdaren familiak, Bekeako bizilagunek, Andra Mari, Erabide eta Leidu elkarteek zein beste zenbait herritarrek irakurriko dituzte labetik atera berria den liburuaren zatiak.

Baina denetarik izango da, eta adibidez, azaroaren 26, 28 eta 29an, Pandero tailerrak antolatu dira Maixa Lizarribarren eskutik Lehen Hezkuntzako 5. mailako Galdakaoko ikastetxe guztietako ikasleei zuzenduta.
Azaroaren 30ean, Egunerokoan euskara gehiago erabiltzeko prest nago… ekimena, Bagabiz Ekarteak antolatua. Aurreko esaldia amaitzen duten guztiei euskarazko liburu berria oparituko zaie. Ondoren, konpromiso guztiak koaderno batean jasoko dira.
12:00etan, Iturrondo plazako karpan, Eguerdi filosofikoak ekimena: Zergatik ez dugu pentsatzeko denbora hartzen? Galdera honen inguruan arituko dira Iñigo Martinez Peña filosofia irakaslea eta idazlea, Andoni Egaña eta Alaia Martin bertsolariak. Geroago, musika sorkuntza, Elene Uribarri eta Beñat Armentiarekin, eta 18:00etan mikro irekia, Euskara (b)ere saltsan jaialdia egiteko. Gauean, Goxua’n Salsa taldearen kontzertua programatu da.

Abenduaren lehen egunean, 20:00etan, Torrezabal Kultur Etxean, Jon Ander Urrestiren Eukalyptus antzezlana ikusteko abagunea egongo da. Hurrengo egunean, Iturrondo plazako karpan, Eñaut Elorrieta eta Mikel Markez musikariak arituko dira Baga,Biga,Higa kontzertuan.

Abenduaren 3an Euskararen Eguna da eta Sormene egun honetako programa berezira batuko da. Bertan, hainbat ekitaldiz gozatu ahal izango dute bertaratuko diren guztiek.

Exit mobile version