Nontzeberri

Sormen Astea, Lekeition

Loraldia Plaza ekimenaren eskutik, Lekeitioko 2025eko Sormen Astea antolatu da ekainaren 23tik 26ra bitartean.

“Lea-Artibain gordetzen den altxor preziatu bati begira jarri gara. Berton euskaltasuna nagusitzen da, Euskal Herriko beste bazterretan ez bezala. “Nire euskaltasuna itsaso bat da eta ez du almiranterik” idatzi zuen Koldo Izagirrek. Itsas-labarren ondoan, gure hizkuntzaren babeslekua kokatzen da. Ez da ekosistema guztiz egonkorra, ahula eta zaurgarria baizik. Baina mendeetan zehar herri kultur sendo bat landu da hemen. Orain etorkizunari begira jarriko gara eta sormen garaikideari ekingo diogu.”

Eta zer ikusiko dugu egun hauetan? “Esperientzia digital batean murgilduko gara. Gure memorian lehen emakume argazkilariaren begietan islatuko da. Frankensteinen eskutik nabigatuko dugu Ana Galarragaren galderen itsasoan. Kubatik datozen soinuekin beste begiratu bat emango diegu Ines Osinagaren kantuei.”

Gaur, hilak 23, Hitzaurrea izeneko saioaz gozatzeko aukera egongo da. 2024an, Loraldia jaialdiak emandako Sormen Digitaleko Bekari esker Piszifaktoria Ideien Laborategiak eta Fikzio Fabrikak elkarrekin sortutako lana da Hitzaurrea. Obra berezi honek “etortzeko dagoen etorkizunaz baino gehiago, orainaldiaz hitz egiten du, iragana makulu hartuta. Izan ginen hark bihurtu gaituelako garen hau eta, beraz, garen honek baldintzatuko duelako izango garen hori. Funtsean, etorkizunaren hitzaurre bat da”.

Egun guztietako eskaintzaren gaineko informazioa: Loraldia.

Exit mobile version