Nontzeberri

Soinu teknikari guztiak omentzeko

Gaur, Arriaga Antzokian, 19:30etik aurrera, eta Loraldia jaialdiaren barruan, Mila Esker, Jonan Ordorika izeneko kontzertua antolatu da musikari askoren parte hartzearekin: Hiru Truku, Anari, Miren Narbaiza, Rafa Rueda, Tapia ta Leturia.

Loraldiaren antolatzaileek esan duten moduan: “Ikuskari honen bidez, Euskal Herrian aritzen diren soinu teknikari guztiak omendu nahi ditugu.
Jonan Ordorika iazko udan joan zitzaigun bat-batean. Kolpe latza izan zen euskal musikagintzan. Musikazale amorratua eta gurean izan dugun soinu teknikari emakorren eta maitatuenetako bat. Agertokietan nahiz estudioko mahaian langile porrokatua eta kontaezinak dira berarekin lan egin duten musikariak.
Azkarate herrian Argiñenea baserrian zuen grabazio-estudioa. 1991. urtean Angel Katarainekin eta Amaia Apaolazarekin batera zabaldu zuten aipatutako grabazio-estudioa.
Itzalpean lan egiten zuen sortzaile apala izan da baina ezinbestekoa euskal musikagintzako hainbat ekoizpenen kalitatea ontzeko. Bere ekimenaz, 2014an, Lou Reeden kantak euskarara ekarri zituzten hainbat musikarik, Mila Esker izeneko lanean.
Loraldian sarritan izan dugu Jonan lanean soinu teknikari.
Aitorpena merezi zuen eta hona hemen prestatu dugun ikuskizun handia. Bertan hamaika musikari lagun batuko dira eszenan”.

Exit mobile version