Nontzeberri

Soinu-sorkuntza eta inprobisaziozko topaketak, Azkuna Zentroan

Bihar hasita eta hilero, ekainera bitartean, musika eta soinua oinarri dituzten soinu-sorkuntza eta inprobisaziozko topaketak garatuko dira, Bilboko Azkuna Zentroan. Soinu-artearekin eta musika esperimentalarekin interesa duten zaleei zuzenduta daude topaketok. Bertan Miguel A. García, Enrike Hurtado Mendieta, eta Oier Iruretagoiena izango dira irakasleak.

Azkuna Zentroaren arabera, “ariketa praktikoak egingo ditugu taldeka. Inprobisazio askea erabiliko dugu, ez helburu gisa ezinbestez; eta funtsezko garrantzia emango diogu entzuteari eta horren bidez egindako hausnarketari. Laborategi honen bidez, kontzientzia piztu nahi dugu musika normalaren bideetatik ateratzen diren soinuak entzuteko eta sormena garatzeko; eta, horrez gain, soinu-sorkuntzako oinarrizko alderdiez hausnarketa egin, eta hainbat aukera eman nahi ditugu soinua lantzeko, hizkuntza estandarizatuaren aginduetatik harantz doan pertzepzio-kontzientzia lortu nahian”.

Miguel A. García gasteiztarra soinu-artistarik geldigaitzenetako bat da. Arte Ederrak ikasi zituen, eta, artista gisa, instalazioa, konposizioa eta inprobisazio elektroakustikoa lantzen ditu. Enrike Hurtado Mendieta bilbotarra da, eta Arte Ederretako lizentziaduna da EHU/UPVtik eta Design for Interactive Media masterra du egina Londresko Middlesex University-n.
Oier Iruretagoiena (Errenteria, 1988) Bilbon bizi da. Eskulturaren, soinuaren eta testuaren arteko bide erdian aritzen da lanean. Soinu-bandak egin ditu dantza-lanetan, antzerkian, irratian eta ikus-entzunezkoetan, eta Bilboko Le Larraskito klubeko koordinatzaileetako bat da.

Exit mobile version