Ixiar Garcia artistan SOFT, SORMEN FABRIK TAXI izenburuko dokumentala filmatu du, eta, oraintsu, euskarazko bertsioa jarri du sarean. Garciaren hitzetan, “sormen artistikoa zaindu eta haruntzago eramateko baldintzak ikertu, zaindu eta aldarrikatzeko prozesua bat da”.
Hala, karabana bat hartu, eta hainbat bidaia egin dituzte, “bizipenak, gogoetak, kezkak, frustrazioak eta desioak partekatzeko”. Bertan, sorkuntza aritzen diren hainbat pertsonen iritziak eta gogoetak biltzen dira.
Dokumentala Garciaren azken urteetako lanen “koktela” da: “Nire desio potenteena pertsonen sormen gaitasunaren inguruan hausnartzea, esploratzea eta berau garatzea da, indibidualki zein taldean, horrela sorkuntzan barneratu eta prozesuen infinitoetara bidaiatu gaitezen”.
Egun proiektua hedatze fasean dago; alegia, dokumentala nonahi aurkeztu nahi du, emanaldiaren ostean, ikus-entzuleekin ideiak eta esperientziak partekatzeko xedearekin. Horren harira, laster, bi eguneko tailerra egingo du Garciak Bilboko Alondegian: “Biologo batekin elkarlanean egin nahi dut tailerra, dokumentala ikusi eta ondoren kulturarako inspiratzailea den ekosistema nola sortu eta zaindu landuko dugu”.
Informazio gehiago: sormenfabriktaxi.wordpress.com.
