IKUS-ENTZUN

`Seriesland´ webserien jaialdia ate joka

Bilboko websailen Nazioarteko Seriesland Jaialdiaren 8.edizioa ate joka dago dagoeneko. Urriaren 17tik 22ra, 26 herrialdetako 80 lan arituko dira lehian eta antolatzaileek nabarmendu dutenez, emakumeen protagonismoa azpimarratu behar da aurten. Izan ere, lehiaketako obren erdiak emakumeek zuzendu dituzte. Jaialdiaren Egoitza nagusia BilboRock aretoa izango da eta bertan izango dira proiekzio gehienak. Hala ere, Jaialdiaren baitan, askotariko ekimenak ere antolatu dira Bilbon barreiatutako guneetan.

Lehiatuko diren lanen jatorriari dagokionez, berriz, gure pantailetara nekez iristen diren ekoizpenak ikusteko aukera izango dugu. Hala, Europa, Amerika, Asia eta Ozeaniatik datozen herrialdetako ikus-entzunezkoak ikusi ahalko dira. Kanadatik datoz ekoizpen gehienak, hamabost hain zuzen; AEBetatik zortzi, eta Frantzia eta Alemaniatik, seina lan aurkezten dira. Hala ere, Australiakoak, Argentinakoak, Brasilgoak, Irangoak, Koreakoak eta Japoniakoak ere lehian izango dira, baita  Costa Rica, Luxemburgo, Singapur, Kazakhstan eta Libanokoak.

Antolatzaileek azaldu dutenez, “Seriesland pandemiaren eraginpean egon denean ekoizpen bolumena jaitsi egin bada ere, kalitateari dagokionez, ordea, nabarmen hobetu dira lanak eta  agerian gelditu da ekoizpenek ahalegin handiagoa eskatu dutela”. Beraien esanetan, “lehiaketako lanen iraupena ere handitu egin da, asko jada 15-20 minuturen metrajean baitaude”.  Generoei dagokienez, ohiko komediak eta dramak izango badira ere, dokumentalek garrantzia hartuko dute, hogei lan inguru izango baitira.

Serieslandek Otsoek sariak banatzen ditu. Oscar Sariak ordezten dituzte sorkuntza digitalaren arloan. Hala, sailik onena, zuzendaritza, aktore lana, ekoizpena, soinua edota musika sailak sarituko ditu, besteak beste. Gainera, sail ofizialean lehiatzeaz gain, sorkuntza independentearen arloan, ez-fikziozko atalean eta trailerren ataletan ere lehiatuko dira. Ez da faltako, gainera, euskal ekoizpenaren sustapenerako atala ere. Jaialdiaren amaierako galan banatuko dira garaikurrak.

“Jaialdi arrunt bat baino askoz gehiago da Serieslad,  eduki digitalen nazioarteko merkatua ere bada”, antolatzaileen esanetan. Halatan, sektorean puntan dabiltzan enpresen topagune, gogoetarako gune, eta mintzaldiak, hizketaldi espezializatuak eta networking saioak egiteko aukera ere ematen diete eragileen artean.

Informazio osoa duzue Seriesland webgunean

 

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.