Nontzeberri

Señores taldea ezkondu egingo da

Sei hilabete igaro dira Señores talde bizkaitarrek Ep2012 izenburuko iraupen laburreko lana argitaratu zutenetik. Oraingoan baina, taldearen hastapenetan grabaturiko hiru kantu sareratu dituzte Nos casamos titulupean.

Hiru kantuok sres.bandcamp.com/ webgunean entzun daitezke, eta 2012ko azaroan grabatu zituzten. Laukotea Goiko (gitarra eta ahotsa); Julen (gitarra); Guille (baxua) eta Claudio (bateria) musikariek osatzen dute. Aipatu behar da Bilbo Hiria lehiaketaren azken edizioan ere parte hartu dutela.

Sarean math rocka egiten dutela irakurri dugu arren, 90eko hamarkadako pop eta rock independentearen esparruan mugitzen den taldea dela esango genuke, batzuetan Teenage Fanclub edo Superchunk bezalako taldeen melodiak jorratzen dituzte; eta beste batzuetan, berriz, Shellac hirukotearen erritmo hautsi eta angeluarren eraginak sumatzen dira, gitarrek eragindako intentsitate handiko pasarteen artean. Standstill katalanen itzala ere antzematen da, agian hiru kantu hauetan gaztelaniaz abesten dutelako.

Hiru doinu hauek 50 kopia ere egingo dituzte larunbatean, urtarrilak 12, Bilboko Kafe Antzokian egingo duten kontzertuan oparitzeko. Emanaldi horretan Madrileko Toundra taldearekin joko dute.

Exit mobile version