Santurtzi Zine Jaialdiak 38 film labur proiektatuko ditu eta film luzeen bost aurre-estreinaldi izango ditu urriaren 14tik 24ra arte. Filmez gain, Rocio Durcal omenduko duen antzerki ikuskizuna, zuzeneko podcast bat eta Euskal Zinearen Akademiaren topaketa bat izango dira programazioan.
EITBk Euskal Herrian egin diren lanei zuzendutako Euskal Pantailak babestuko du berriro. Euskal Pantailak sailari dagokionez, epaimahaia Maria Cerezuela eta Itxaso Quintana aktoreek eta Beatriz López-Nogales konpositoreak osatuko dute.
Sail bakoitzari dagozkion sariez gain, Bizitegi elkarteak etxegabetasuna eta gizarte-bazterketa hoberen jorratzen dituen film laburrari emango dio saria eta Santurtziko AEK-ko eta Udal Euskaltegiko ikasleek euskaraz egindako film labur onenari emango diote saria.
Sari horiez gain, Jaialdiak eta BBK-k ekoizpen-fase aurreratuan dauden film laburrak finantzatzeko BBK Impulsa saria eratu dute aurten.
Amaiera ekitaldia hilaren 24an izango da eta Marta Etura aktoreari Serantes Saria emango zaio.
Jakingarri guztiak jaialdiaren webgunean dituzue.
