Nontzeberri

“Santu Kulturalak Euskal Herrian” hitzaldi-zikloaren azken saioa

Santu Kulturalak Euskal Herrian izenburupean, Bizkaiko Foru Liburutegian hitzaldi ziklo interesgarri bat antolatu da  hil honetan. Gau egingo den azken saioan Mikel Laboa eta Xabier Lete: Santu Kultural bi aurrez aurre izeneko gaia jorratuko du Jon Martin adituak.

Jon Kortazar idazle eta irakaslea da zikloaren antolatzailea eta berak azaldu ditu zikloaren nondik norakoak: “Mendebaldeko gizarteek, erlijiotik urruntzen joan diren heinean, santutasun laikoak biltzeko beharra nabarmendu dute, erlijioaren moduan beste era batera adierazi. Horregatik lehenago erlijioko santuek betetzen zuten tokia osatzen dute “Santu Kulturalek” gizarte laiko batean. Horregatik “Santu Kulturalen” gaiak beste eragin bat du gure gizartean eta identitate kolektiboaren sortzaile gisa ageri da. Horregatik kontuan hartzekoa da aipatu dugun bakoitzean, “Santu Kultural” gisa aipatutakoak ikertzea botere legitimoaren eta literaturaren artean sortzen diren loturez hitz egitea dela (…) Interesgarria da “Santu Kulturalei” buruzko azterketa eta hausnarketa egitea, besteak beste garenaz, ginatekeenaz eta gure izaeraz hitz egiten delako “Santu Kulturalak” aipatuz.

Hitzaldi-zikloa astelehenetan egiten ari da, 18:30ean hasita, eta lehen saioan Kortazar berak Zer diren Santu Kulturalak izeneko hitzaldia egin zuen. Urriaren 28an, Karlos del Olmo adituak Jose Maria Iparragirre. Euskal Antzerkiak emandako irudia hitzaldia eman zuen.
Azaroaren 4an, Paulo Kortazar Xabier Lizardi: heriotzako orduan izeneko gaiaz mintzatu zen; azaroaren 11n, Esteban Urkiaga poeta izan zen protagonista, eta Jon Kortazarrek jorratuko zituen Lauaxetaren bizitza eta lana; azaroaren 18an, Gabriel Aresti irudietan izeneko hitzaldia egin zuen Susana Jodrak ; eta diogun moduan, gaur,  azaroaren 25ean, Mikel Laboa eta Xabier Lete: Santu Kultural bi aurrez aurre izeneko gaia jorratuko du Jon Martin adituak.

Exit mobile version