Nontzeberri

Ruper Ordorikak irekiko du “Izan & Star” programaren seigarren edizioa

Musikariek haien artista, disko edo genero kutunak moldatu ohi dituzte Izan & Star zikloaren baitan. Bada, ostiralean, hilak 25, programa horren sasoi berri bat hasiko da, seigarrena, Ruper Ordorikaren kontzertuarekin, Bilboko Campos antzokian, 20:30etik aurrera. Oñatiarrak songwriter klasikoen doinuak joko ditu, tartean, Lou Reed, Bod Dylan edo Georges Brassens.

Zikloa beste sei kontzerturekin osatuko da. Urriaren 15ean, The Great Barrier talde bizkaitarrak Depeche Mode britainiarren doinuak moldaruko ditu, eta B-Flat bandak, berriz, Joy Divisionenak.

Azaroaren 26an, rock gordina nagusituko da: Screaming George & The Hustlers bilbotarrak Iggy Pop & The Stooges-en errepertorioan murgilduko dira, eta Los Fastuosos de La Ribera bandak bere egingo ditu Stealers Wheel taldearen kantuak.

Azaroaren 28an, rhytham and blues emanaldi klasikoa onduko du Leioako Travellin’ Brothers bandak, Ray Charles piano-jotzailearen doinuak moldatuz. A Contra Blues taldeak, halaber, Jimi Hendrix musikari handiaren azalean sartuko da.

Abenduaren 3an, Kantabriako Los Tupper bandak New York hiriko Johnny Thunders & The Heartbreakers punk-rock taldeak 70eko urteetan grabatutako L.A.M.F. lan klasikoa joko dute. Cavaliere bikote bilbotarrak (bateria eta gitarra), aldiz, PJ Harvey-ren kantuak joko ditu.

Abenduaren 4an, Quaoar banda bilbotarrak 90eko urteetako grunge estiloko kantuak joko ditu, tartean, Pearl Jam; eta Boogie Riders bandak Stevie Ray Vaughan musikariaren blues erritmoak jorratuko ditu.

Amaitzeko, abenduaren 17an, Bilillo y Los Suyos taldeak new wave estiloko pop doinuak moldatuko ditu.

Kontzertu guztiak Bilboko Kafe Antzokiko Kutxa Beltza aretoan egingo dira, Ordorikarena eta Bilillo y Los Suyos-ena izan ezik, Bilboko Campos antzokian egingo baitira.

Exit mobile version