Musika eta festa giroan sartu da Arantzako Aterpetxea Musik Best 2019 programazioaren eskutik. Nafarroako txoko magikoa da Arantza, euskaraz bizi den herria. Eta bertako Aterpetxeak urtez urte beso zabalik hartzen ditu euskara ikastera doazenak. Hala, euskara eta musika uztartuko dira Musik Best ekimenaren eskutik, eta datorren larunbatean, uztailaren 20an, Rukula talde usurbildarraren erritmora dantzatzeko aukera izango du bertaratzen denak.
Oihan Agirretxe baterian, Martxel Arkarazo baxuan eta Beñat Irazusta, Aitor Pagola eta Jon Agiriano gitarran, funk, rock, stoner, metal….. estiloak maisuki nahasten dituen taldea da, giroa ederki asko berotzen dakiena bere musikaren erritmora. Can´t Explain edo Desegin taldeetako jendearekin osatuta, batukada perkusio dantzagarria ere antzeman daiteke bere errepertorioan. Koktelera honekin eta zuzenean daukaten indarrarekin, edozein dantzan jartzeko gauza da taldea, beraien energia erraztasun handiz transmititzeko gai baitira. Hitzordua, gaueko 22:30etik aurrera izango da.
Eta hurrengo larunbatean, Onki Xin 2018an sorturiko rock elektroniko estiloko taldearen kontzertua izango da. Zigor DZk eta Fer Apoak martxan jarritako proiektua da, eta Jon Ader Artola baterian eta Beñat Atorrasagasti gitarran dituzte ondoan.
Abuztuaren 31ra bitarte, bertatik pasatuko diren beste musika taldeak honakoak izango dira: Joseba Irazoki (bere Zu al zara Tour birarekin, abuztuaren 9an) Keu Agirretxea (10ean), Makala (17an), Dingwash Reggae Band (23an), Puro Chile (30ean) eta Zigor Dz (31an).
Informazio osoa duzue, hemen.