Ben Santana diziplina anitzeko artista bilbotarra (trap, rap, hip-hop), iaz ere finalista kategoria nagusian; Edgar Allan Pop bikotea, Beatriz Álvaro arabarrak eta Jaime Buenaventura madrildarrak osatua; eta Galder, Galder Izagirre irundarraren bakarkako debuta, Berri Txarrak, Kuraia edo Dut bezalako euskal rock talde handien bateria jole ohia, dira Rockeinen 12. edizioko sari nagusia irabazteko hiru hautagaiak.
Beste hiru talde finalistak ondokoak izango dira: La Nevera Vacía, Etxebarriko kide bat duen pop-rock laukotea; Maialen Ibarra basauriar gaztea; eta Monday Potions, Eneko Peña buru eta Etxebarri, Bilbo eta Santurtziko kideak dituen proiektua. Horiek guztiek Hego Uribeko artistarik onenari saria lortzeko aukera izango dute.
Gainera, Edgar Allan Popek Eskarabilera saria jasotzeko aukera izango du, eta Galderrek eta Maialen Ibarrak, ostera, Euskarazko Artistarik Onenari saria.
Finala azaroaren 16an izango da, larunbatez, Basauriko Social Antzokian, eta sarrera doakoa izango da. Ohi bezala, Rockeineko kategori horien irabazleen izenak finalean bertan jakinaraziko ditu epaimahaiak.