Roberto Ferrok (Bilbo, 1977) gaur egun clown eta filosofia irakasle lanak partekatzen ditu. Biak lanbide exotiko edo bitxiak gaur egungo gizarte neoliberalean. Uribarrikoak, filosofian lizentziatu ostean, antzerki ikasketak egin zituen Madrilen lau urtez, eta ondoren clown ikasketak egiten jarraitu zuen Bilbon. Gaur egun Oilaskoetxea obra aurkezten ari da Euskal Herriko herri eta hiri ezberdinetan. Bere bizimoduaz, ideiez eta gustuez mintzatu gara berarekin.
Zertan zabiltza orain? Oraindik Oilaskoetxea obra antzezten ari gara. Komedia dibertigarria da, pertsonaia nagusiak Garamendi anaiak dira. Hauek dena alde batera uzten dute beraien enpresa egitasmo berriagatik: oilasko erretegi mugikor bat. Jada 50 antzezpen eginak ditugu eta puntu onenean dago. Beste 50 egiten baditugu, are hobeago egongo da.
Inoiz pailazo bezala lan egingo zenuela pentsatu zenuen?
Ez, pailazoaren kontua agertu zen antzerkitik, antzerkia ikasten nengoela. Hasieran antzerkian izan nuen esperientzia nahiko klasikoa izan zen, Shakespeare, Garcia Lorca, Valle Inclán eta halakoen obrak antzeztuz. Pailazoen mundutik erakarri ninduena izan zen beste harreman bat sortzen dela ikuslegoarekin, askoz zuzenagoa. Laugarren horma deitzen dena apurtzen da eta publikoaren begirada, erreakzioa, emozioak bilatzen dituzu eta harremana askoz freskoagoa da. Eta bestalde, inprobisazioa eta umorearekin lotura du.
Pailazo bezala lan egitea zer da zuretzat?
Norbera arriskatzen jokatzea. Eta arriskatzea bi zentzutan: batetik jolas egingo dugu, eta bestetik era publiko batean. Lan guztiz emozionala da: pertsonaia lantzeko orduan, zu zeu zara, eta barruan duzun berezkotasun eta inprobisatzeko gaitasunarekin lan egin behar duzu. Norberarentzako xalotasuna, haserrea, alaitasuna, erakarpena zer diren, hor erakusten eta agertzen dira bat-batean. Atzean badago jolasa: nola inplikatu publikoa, eta nola sortu haiengan hausnarketa eta sentimenduak.
Filosofia irakasle bezala ere lanean aritua zara. Gustuko al duzu?
Bai, gustatzen zait. Batetik, gaia gustuko dut, izan ere filosofia ikasi nuenean bokazionala izan zen, pasio bat. Eta pasio hori komunikatzea gustatzen zait. Bestetik, 2. hezkuntzan sortzen dira ikasleen lehenengo gogoetak eta polita da prozesua ikustea. Hala ere, badu bere alde gogorra: askotan bost axola zaie ikasgaia eta burua beste gauza batzuetan dute. Baina horretan datza gure lana: gai sakonak, bizitzarako garrantzitsuak direnak haiengana helaraztean. Batez ere, gaur egun gai horiei garrantzirik ematen ez zaien gizarte batean bizi garenean eta nerabeei urrunak iruditzen zaizkienean. Aldizkari, telebista eta komunikabideetan aurkitzen dituzten gaiak azalezkoak dira eta ez dute batere gogoetarik sortarazten. Eta zentzu horretan lana geure harri koxkorra ekartzean datza haien gogoeta eta sentimenduak irekitzeko. Gainera, irakasle izateak ere badu antzerkiarekin zerikusia: klasea eskenatoki bat da, ikasleak ikuslegoa dira.
Zerk eraman zintuen filosofia ikastera?
Hainbat galdera neuzkan buruan erantzuteke eta saiatu nintzen hortik erantzunak aurkitzen.
Arrakastarik?
Egia esan, ez (barreka). Baina filosofia ikasiz, galderak egiteko gaitasuna gehiago garatu nuen.
Berriz ere ikasiko zenuke?
Bai.
Filosofia, antzerkia, clown mundua… beti bitxiak ala Fitok esango zukeen moduan arraroak diren arloetan aritzen zarela dirudi. Zein da zure munduan egoteko modua?
Orain dela gutxi amak kontatu zidan auzoko beste ama batekin hitz egiten egon zela eta hark esan ziola “ez dakit noren semea ingeniaria da eta langabezian dago”, hori harrigarria bailitzan. Eta nik erantzun nion “ba jakin dezazula momentuz ez dudala langabezian dagoen pailazorik ezagutzen”. Beraz gutxi gara, eta arte eszenikoen mundua bizi ahal izateko gogorra da, sarri gogorregia. Krisia dela eta murrizketak kultur arloan sarri izaten dira eta nabaritzen da merkatua jaitsi dela piloa. Baina beste mota bateko ordain edo asebetea jasotzen duzu. Eta ikuskizuna bukatu ostean norbait hurbiltzen bazaizu esanez “disfrutatu dut zure lanaz, barre egin dut aspaldi egiten ez nuen bezala, eta ordubetez nire arazoak ahaztu ditut”, ba, eskertzen da. Eta azken finean hori da: borrokatu, erresistentzia egin hilabete bukaeran jateko, bizitzeko.
Zer nolako gizartea nahiko zenuke?
Argi daukat nahi ez dudana. Neoliberalismoak azken urteetan egindakoaren emaitzak pairatzen ari gara gaur egun eta jasanezinak dira, eta gero eta gutxiago. Gaur egun kulturalki komunikabideetan eta oro har inposatzen dena kontsumitzaile izatea da. Eta argi izan behar dugu gizartea ez dela finkoa. Gizartea aldatuz doa egunero, eta gaur daukaguna guretzat komenigarria ez bada alda dezakegu. Horrela izan da historian.
Proiektu berririk?
Bai hilabete honetan antzerki berri bat prestatzen hasi gara eta maiatzerako estreinatuko dugu. Kale Gorrian deituko da, pil-pilean dagoen gai bat da, gaurkotasunez betea.
Etorkizunerako amets ala desiorik?.
Nire ustez pailazoak baditu baliabide asko lan egiteko ez bakarrik ohiko publikoarekin, baita ere lan soziala egiteko, esaterako ospitaletan, toxikomanoekin, arazoak dituzten nerabeekin… Orduan badu interesgarria iruditzen zaidan alor sozial bat eta ikuskizunak egiteaz aparte alor hori jorratu nahiko nuke.