2025eko urritik 2026ko azarora arte Bizkaiko Foru Aldundiaren beka jaso duten hainbat artisten lanak modu mailakatuan erakutsiko dituen Barriek erakusketa zikloa gaur hasiko da Rekalde Aretoan, Leo Burgeren Blue Lines erakusketarekin.
Programaren hamargarren edizio honetan Leo Burge, María Muriedas, Ra Asensi, Mar de Dios, Amaia Molinet eta Maider Aldasororen lanak egongo dira ikusgai 2026ko azarora arte.
Gainera, artisten erakusketekin batera, jarduera osagarriak, didaktikoak eta artisten tailerrak egingo dira, jendeak egileen ezagutza pertsonala izan dezan, bai eta artistaren lanen gakoak eta interesa ezagutzeko topaketak ere.
Erakusketak, gutxi gorabehera, bi hilean behin egingo dira, modu mailakatuan artista bakoitzak bere espazio eta denboraz goza dezan. Beka sistema honi esker, artistek haien lanari eta prestakuntzari bultzada handiago bat eman ahal diete, beraien proiektuetan ehuneko ehunean murgiltzeko aukerarekin. Horregatik, Rekalde Aretoaren lehentasunetako bat, etxeko artisten talentua sustatzea eta Bizkaian sortu eta lan egiten duten belaunaldien garapen artistikoaren etapetan laguntzea da.
Leo Burgeren erakusketaren ondoren (2025eko urriaren 14tik abenduaren 14ra), programazioari jarraipena emanez María Muriedas, 2025eko abenduaren 16tik 2026ko otsailaren 8ra; Ra Asensi, 2026ko otsailaren 10etik apirilaren 12ra; Mar de Dios, 2026ko apirilaren 14tik ekainaren 21era; Amaia Molinet, 2026ko ekainaren 23tik abuztuaren 30era; eta Maider Aldasororen, 2026ko irailaren 1etik azaroaren 2ra, erakusketak burutuko dira.