Anoetan Realak eta Athleticek urtarrileko lehenengo asteburuan derbia jokatuko dute. Partidaren aurrean, bi taldeen arteko bertso derbia izango da Antzoki Zaharrean urtarrilaren 3an. Bertso Derbia egiten den bigarren urtea da hau. Iazkoan Bilbon egin zen eta orduan izandako arrakastari segida eman nahi zaio bigarren edizio honekin.
Hala, Real Sociedad Fundazioak, Athletic Fundazioak eta Donostia Kulturak antolatutako saio honetan, talde bakoitzak hiruna bertsolari aurkeztuko ditu.
Realaren kapitaina Amaia Agirre izango da eta Athleticena Igor Elortza. Saioan arituko diren beste bi bertsolariak kluben webguneetan aukeratu ahal izango dira. Real Sociedad talderako Beñat Gaztelumendi, Alaia Martin, Xebastian Lizaso, Nerea Elustondo, Jexus Mari Irazu, Ane Labaka eta Agin Laburu izango dira, eta Athletic-en Arkaitz Estiballes, Iratxe Ibarra, Miren Amuriza, Etxahun Lekue, Onintza Enbeita, Fredi Paia eta Nerea Ibarzabal.
Aukeraketa egiteko epea abenduaren 8an amaituko da.