Joseph Jackson Ranking Joe (1959, Kingston, Jamaica) Jamaikako Sound System-en eszenan hazi zen musikari, 1970eko hamarkadan, Jamaikako hiriburuan. Abesteko fast style estiloan maisu da. Bada, jamaikarra Hondarribiko Psilocybenea aretoan izango da, apirilaren 7an, 22:00etatik aurrera.
Ranking Joerekin General Lee jamaikarra izango da. Musikaren arduraduna, berriz, Bad Sound System taldeko Selektah Stepi izango da. Joe, Lee eta Stepi elkarrekin arituko dira hirugarren aldiz. Emanaldiaren ostean, Urbi Selektah eta Mountain sound-ek musika jarriko dute.
Ikaskide zituen Winston McAnuff, U Brown eta Earl Sixteen musikarekin hasi zen Ranking Joe Sound Systemen munduan sartzen. Little Joe ezizenarekin egin zituen estreinako grabazioak, 1974an, eta bere doinuak ospetsu bilakatzen hasi ziren, 1970eko hamarkadaren amaieran hiru disko grabatu arte: The Best of Ranking Joe (1977), Weakheart Fadeaway (1978) eta Round The World (1978).
1980an, jauzia egin zuen nazioartera: Ray Symbolic Hi Fi sound system-arekin bira egin zuen Erresuma Batuan. Bira horren ondorioz Weakheart Fadeaway diskoa izugarri saldu zen.
Ekoizle lanetan ere aritzen da; esaterako, King Tubby dub musikari ezagunaren Original King Key Dub eta Dangerous Dub lan ezagunak ekoitzi ditu. 20 disko inguru argitaratu ditu, azkenak 2006an: World In Trouble eta World In Dub.