Gaur berton, urtarrilak 19, 19:30ean eta Gasteizeko Apolo aretoan, Rafa Rueda euskal musikariak kontzertua eskainiko du. Hiri Kristalezkoa (Elkar) izan da bere azken lana.
Hamar kantu bildu ditu Ruedak lan berrian; kanpoan beste 15 gelditu dira. Doinuok maketatzen ari zela, lagun bati erakutsi zizkion, eta hark hiriko kutsua zutela bota zion, “urbanoa”. Hori dela eta, hiriaren inguruan ardaztea erabaki zuen: hamar abestiek hamar pertsonaien izen hartu dute, bederatzi idazlek asmatu dituzten Kristalezko hiria-ren biztanleak. Idazleen artean: Unai Iturriaga, Gotzon Barandiaran, Miren Amuriza eta Leire Bilbao. “Hiria kontraesanez betetako gunea da, non pertsonek duten onena eta txarrena ematen duten”. Diskoan bildutako azken abestia, Irina, Rafaren hitzekin dator. “Outro modukoa da, eta disko nik agurtu behar nuela pentsatu nuen”.
Diskoaren nobedade handiena baina, diskoaren sonoritatean, edukian jasotzen da. Rafa estreinakoz aritu da ekoizle batekin, Jon Agirrezabalaga (We Are Standard). “Arraroa izan da ekoizle batekin aritzea, agintzera ohituta bainago; konfiantza guztia eman behar izan diot, eta asko ikasi dut, nola pertsonalki hala artistikoki”. Eta horrekin batera, teklatuetatik abiatu da kantuok idazterakoan; gitarrari leku gutxiago utzi dio. “Intuizioz aritu naiz kantuok lantzen. Hori dela eta, gordeta nuen background musikala nabarmenago azaldu da. Duela 25 urte entzuten nuen musikaren arrastoak nabaritzen dira”. Garai hura oso handia izan zen musikariarentzat, Mungiako Morris izeneko pub batean diskoak jartzen zituen, eta garai hartako usainak nabaritzen dira diskoan: “The Cure, Depeche Mode… 1980ko hamarkada amaierako eta 1990eko hamarkada hasierako zantzuak”.
Diskoa, gainera, taldearekin grabatu du, eta zuzenean talde horrekin jotzeko asmoa ere agertu du: Jaime Nieto, baxua (Atom Rhumba, Joseba Irazoki eta Lagunak…), Ander Zulaika, bateria (Lou Topet…), Txus Aranburu, teklatua (Tapia eta Leturia, Arakitz Miner…).
