Bilboko BBK Aretoan Punto Zero pop apurtzailearen zikloa izango da lehen aldiz. Martxoaren 31n hasiko da eta Bilboko gizarte-bizitza astintzea du helburu, pop-a estilo ireki eta poliedrikotzat hartzen duten musika-proposamen desberdin eta apurtzaileekin. Kontzertu guztiak 20:00etan hasiko dira.
Punto Zero zikloak sei kontzertu eskainiko ditu guztira. Maiatzaren 27ra arte makina bat artista arituko dira bertan: Triángulo de Amor Bizarro, Soledad Vélez, GOA, Amorante, Colectivo da Silva, Dani eta Merina Gris. Zikloan “musika elektronikoa, trap, noise, tropikalismoa edo musika tradizionalen berrikuspena entzun ahal izango dira”.
Ostegunean, martxoaren 31n, emango zaio hasiera kontzertu zikloari Triangulo de Amor Bizarro noise-popeko talde galiziarrarekin. 2020ko martxoan argitaratutako Triangulo de Amor Bizarro diskoagatik album onenaren hainbat sari jaso zituen, eta orain taldeak lehen aldiz aurkeztuko du Bilbon.
Apirilaren 21ean, Soledad Vélez-en pop elektronikoaz beteko da aretoa. Visiones diskoa argitaratu berri du. Apirilaren 28an, Merina Gris euskal taldearen txanda izango da.
Maiatzaren 12an, tradizioa eta modernitatea uztartuko dira agertokian. Alde batetik, Amorante artista eibartarra izango da, eta bestetik, Ghau, Gartxot Unsainen proiektu pertsonala.
Maiatzaren 26an proposamen freskoenetako bi bilduko dira. Vigoko Dani lehen aldiz etorriko da Bilbora, eta Granadako Colectivo da Silva taldea izango du lagun.
Eta hurrengo egunean GOA artista valentziarrak itxiko du zikloa, Ultramaldad disko berriaren aurkezpenarekin.