Punto de Vista jaialdiaren hamahirugarren edizioa martxoaren 11tik 16ra bitartean egin da Iruñean, eta orain, jaialdian saridun suertatu diren lanak jakinarazi dituzte.
Jaialdia zazpi atal nagusitan banatuta antolatu da: Sail Ofiziala, mundu osoko herrialdeetatik inskribatu diren 1.160 film baino gehiago barne hartu dituena; Atzera Begirakoak, abangoardiaren nahitaezko izenak diren Marcia Hafif eta Jonathan Schwartz artistak aztergai; Dokbizia, erreala denarekin nolako harremanak dituzten azaltzeko hainbat diziplinatako artistak bildu dituen topaketa; Punto de Vista Labs, jakintza-trukea eta sormen kolektiboa lantzeko esparruak; Foku Garaikideak, nazioarteko zinegile garrantzitsuenetako batzuei buruzko gai bakarreko saioak; Saio Bereziak, X Films gisako programak, Euskadiko eta Nafarroako zinegileen arteko Paisaia topaketa edota Planetarioan antolatutako filmen zikloa tarteko dituztenak; eta azkenik, Hezkuntza Programa.
Punto de Vistaren hamahirugarren edizioaren nazioarteko epaimahaiak, Atal Ofizialean aurkeztutako lan guztiak ikusi ondoren, honako sariak erabaki ditu: Punto de Vista Sari Nagusia Film Onenarentzat, 10.000 euro: Una luna de hierro, Francisco Rodriguezena. Jean Vigo saria Zuzendaritza Onenari, 5.000 euro: Parsi, Eduardo Williamsena. Film Labur Onenaren saria, 3.000 euro: Mums’s cards, Luke Fowler zuzendariarena.
Beste sari bereziak honakoak izan dira: Publikoaren Sari Berezia Film Onenarentzat, 1.650 euro, Ojoa guareña, Edurne Rubiorena; Gazteriaren saria Film Onenarentzat, 1.500 euro: The sun quartet, part 2: San Juan river, Colectivo Los Ingrávidos-ena. Epaimahairen aipamen berezia: Altiplano, Malena Szlam zuendariarena eta Vever (For Barbara), Deborah Stratman-ena.