Ostiralean, urriak 23, PUNK. Arte garaikidean utzi dituen arrastoak izenburuko erakusketa inauguratuko da Gasteizko Artium zentro eta museoan, 20:00etatik aurrera. Erakusketa zabalik izango da 2016ko urtarrilaren 16ra arte.
Ostiraleko egitaraua 19:00etan hasiko da, David G. Torres komisarioaren hitzaldiarekin. Horrekin batera, 21:30ean, Piztu Punk! Bandak punk-klasikoak joko ditu. Bien artean baina, performance bat ere izango da, 20:45ean, João Onofre artistaren eskutik, eta Soergerth death metal taldearen laguntzaz.
Hala ere erakusketa ez da punkari buruzkoa, baizik eta punkaren eta arte garaikidearen arteko harremanaren ingurukoa. “Uste bat egiaztatu nahi da: artisten eta joeren artean ezar daitezkeen zatiketak gora behera, sortzaile asko elkartzen dituen amorru-hots bat dagoela”.
Hala, Dada mugimendua, Situazionismoa, egungo arte-ekoizpen garaikideak eta bestelako elementu artistiko eta kultural iraultzaileak jorratzen dira, punkaren eta arte garaikidearen arteko lotura erakusteko.
“Punka jarrera bat da: amorruz, abiaduraz, zarataz, gisagabekeriaz, ukoaz, oposaketaz eta probokazioz egindako jarrera bat, XX. mendean barrena zabaltzen dena, 70etik harago luzatzen dena, testuinguru anglosaxoiaz harago, eta musikaren munduaz harago. Leherketa horren ondorioak, bizirik ditugu oraindik ere, eta hori dela-eta, punka da arrasto handiena utzi duen XX. mendeko kultura-mugimenduetako bat”.
Informazio gehiago: artium.org.
