Irailaren 8 eta 9an, Iruñeko Jazar aretoan, bertako eta kanpoko editore txiki eta egileentzako topagune izan nahi duen Pumpk! Autoedizio Festibala antolatu dute.
Kultura alternatiboan oinarritutako ekimenaren barruan, autoedizioaren inguruko material salmenta, aurkezpenak, kontzertuak, mahai-inguruak, erakusketak eta tailerrak egingo dira.
Pumpk! Festibalaren xedea argi dute antolatzaileek: “Merkatuak gutxiagotzat hartzen dituen sortzaileekin bat gaude, oztopo guztien gainetik borrokatzen dutenekin, lana nolakoa izan behar den baldintzatua izan gabe egin nahi dutenekin, gastuak aurrezteko ahaleginak egiten dituztenekin, esaterako inprimatutako aleak murrizten, edota euren baliabide guztiei etekina ateratzen saiatzen direnekin. Sormen askatasuna bultzatu nahi dugu baita, bakoitzaren lanaren autojestioa, esperimentazioa eta ezagupenak elkar partekatzea eta DIY-ren (do it yourself) filosofia ere. Bizi dugun kultura elitista eta zaharkitua zalantzan jarri nahi dugu, horregatik zirkuitu komertzialetik at, eredu honetatik kanpo ematen diren jarduerak sustatu nahi ditugu. Ekitaldi honek ez du etekinik lortzeko asmorik, izan ere, biltzen den dirua aurretik ospatuko diren bi festatik aterako da, janari eta edarien salmetatik. Jaialdian bilduko den diru guztia, datorren urtean ospatuko den bigarren festibalaren gastuak ordaintzeko erabiliko da”.
Bihar bertan abiatuko da ekimena kazetaritzari buruzko mahai-inguru batekin: Periodismo Independiente. Sobrevivir como medio y sortear la censura con humor y astucia. Geroago, Ilustrazio tailerra eta Ilustratzaile Bataila egingo dira. Gauean, Jatos Viejos, Serpiente, eta Candidato Manchú taldeek kontzertua egingo dute.
Larunbateko mahai-ingurua zinemari buruzkoa izango da: ¡Todo por el cine! Un paseo entre el método, la financiación y la hoguera. Egun horretan, hainbat aurkezpen egingo dira, eta kontzertuak Anlaki , Arabesca , Magmadam eta Tronco taldeen eskutik izango dira.
Informazio guztia hemen duzue.
