Nontzeberri

“Publikoari gorroto” antzezlanaren data berriak

Izenburu probokatzaile bezain iradokitzaile horrekin aurkeztu zen obra hori azaroaren 1ean Luhuson (Lapurdi). Ander Lipus, Iñaki Ziarrusta eta Miren Tirapu aktoreek taularatzen dute, eta Manex Fuchs-ek zuzendu du, Asier Mendigurenen testua oinarritzat hartuta. Horretaz gainera, Artedramaren magalean jaio den Huts Teatro taldearen lehendabiziko antzezlana da.

Obrak harrera ona izan du, eta Euskal Herriko hainbat herritan taularatu ostean, biran jarraitzen du. Hala, ostiralean, urtarrilak 1, Basaurin ikusi ahalko da, eta larunbatean, urtarrilak 2, Agurainen.

Honatx otsaileko gainerako datak: 8an, Beasainen; 14an Bilbon; 15ean, Gernikan; 17an, Oñatin; 22an Lartxabalen, eta azkenik, 23an, Getxon.

Martxoari dagokioenez, hauexek dira hitzorduak: 3an, Hondarribin; 10ean, Azkoitian; 12an, Erandioan; 15ean, Arrigorriagan, eta 21ean, Miarritzen.

Obraren webgunean jasotzen denez, Teatroari buruzko hausnarketa jostalaria da Publikoari gorroto. “Publikoarekiko keinuz eta umorez; pixkanaka, ordea, arimaren barrunbe ilunenak joango dira agertzen: krudelkeria, bortxa, botere-harremanak… giza izatearen amildegi ertzera iristeraino”.

Aktore batek eta bi ikuslek antzeztua, Antonin Artaud dramaturgoaren eragina agertzen du testuak. Haatik, obra hau ez da meta-antzerkia, zerbait izatekotan “ekintza teatrala” da, “krudela zer den ikus eta entzun dezagun”. Horretarako baliabide gutxi izango dituzte aktoreek, tartean, maskara bat eta margoak.

“Garbiki erraiteko, gure burua edo auzoarena torturatzeko dugun irudimena agerian utzi nahi dugu. Norberak bere bizia eszenifikatzeko egiten duen indarra. Amodioa eta gorrotoaren arnasa. Eta hondarrean, miseria. Itsuski ederra, krudela.”

Exit mobile version