Nontzeberri

Proposamen kulturalez beteriko “Kulturaldia” Uribe Kostan

Uribe Kostako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak antolatutako programazioa hamar bat jarduerez dago osatua, eta tartean kontzertuak, kalejirak, bertso-saioak eta Pole Dance saioak izango dira protagonista. Kulturaldia azaroaren 11tik abenduaren 3ra bitartean garatuko da, eta hilabete batez, euskarazko kultura-ekitaldiak ikusgai izango dira Plentzia, Gorliz, Lemoiz, Urduliz, Sopela eta Barrikan. Ekimenak “Uribe Kostako eskualdea osatzen duten udalerrietan euskararen erabilera sustatzeko eta indartzeko helburua duten bederatzi jarduera kultural biltzen ditu.”

Musika eta animazioa toki askotan izango da, eta hala, lehenengo hitzordua Plentzian izango da, azaroaren 11n, Eire eta J Martina taldeen kontzertuarekin. Azaroaren 18, 19 eta 26ko asteburuan ez da kale animaziorik faltako Lemoizen (kalejira Mitologikoa), Gorlizen eta Urdulizen, hurrenez hurren. Gainera, Afrika Bibangen musika hilaren 19an entzungo da Gorlizen, eta X Sakarak 25ean Urdulizen joko du. Sonakay taldea aldiz, 26an arituko da, Urdulizen.

Aurten gainera, nobedade gisa, Gorlizen (azaroak 18, ondoren Olaia Inziarteren kontzertua) eta Urdulizen (azaroak 25, ondoren X Sakararen kontzertua) Pole Dance saioak izango dira. Dantza honen elementu nagusia barra bertikal finko bat da, eta dantzariak barra horren gainean egiten du bere jarduera.
Abenduaren batean, bertso-saioa antolatu da Ane Labaka, Sustrai Colina, Nerea Ibarzabal eta Imanol Uriaren bertsolariekin. Abenduaren 2an, aldiz, sopeloztarrek Xabi Aburruzagaren musikarekin eta Meñakozen dantzekin disfrutatzeko aukera izango dute.
Kantu Kolore ikuskizunak amaiera borobila emango dio programazioari abenduaren 3an, Barrikan, Euskararen Nazioarteko Egunean, hain zuzen ere.

Exit mobile version