Bizkaiko Foru Liburutegiak urte honetako agenda kulturalak aurkeztu du gaur, Lorea Bilbao Euskara eta Kultura diputatuaren eskutik. Guztira, 37 ekintza antolatu dira “estilo askotako proposamenekin, eta adin guztietako pertsonentzat”.
Otsailaren 23an abiatuko da agendako lehen proposamena, eta abendura bitartean erakusketak, saio literarioak, jardunaldiak, hitzaldiak, irakurketa klubak, topaketa literarioak, tailerrak, ikastaroak eta jarduera berezi eta osagarriak garatuko dira.
Erakusketei erreparatuz gero, Marta Pérez Elosuaren Oihal Artean; Gerra zibila Euskadin: berregite historikoen argazki-erakusketa, eta Euskal Mitologiari buruzko erakusketa antolatu dira. Sorkuntza argazkigintzan eta modan; Francisco de Iturribarriaren Ipuinak; Ilustrazio digitalaren erronka berriak; La guerra civil en Euskadi; Genero Bortizkeria Eztabaidagai; eta Lea-Artibai: Ipuinak izeneko hitzaldi zikloa ere atonduko da.
Jardunaldi berezi eta oso interesgarriak egituratu dira datozen hilabeteetarako. Honakoak: Irakurleak Eraikitzen. Haur eta gazte literaturan balore ez-sexisten eraikuntza; Letrak eta Futbola; eta Euskal literaturako joera berriez arduratzen den Liburutekia 2016.
Literaturaren arloari jarraipena emanez, sariketak (Bizkaidatz eta Bizkaidatz Txikia lehiaketak) Euskarazko eta gaztelaniazko Irakurle Taldeak (topaketa horien zuzendariak, euskaraz, Txani Rodriguez, eta Julen Gabiria izango dira, eta Iván Repila gaztelaniaz), eta Literatura Topaketak antolatu dira. Azken hauen barruan Lourdes Oñederra, Mikel Peruarena, Alaine Agirre, Katixa Agirre eta Ramón Saizarbitoria idazleak izango dira.
Azkenik, hainbat tailer eta ikastaro antolatu dira, eta besteak beste, ilustrazioa, musikoterapia edo jendearen aurrean hitz egiteko teknikak moduko gaiak landuko dira. Halaber, bestelako jarduera osagarri batzuk daude, adibidez, Ate Irekiko Jardunaldia, Bookcrossing-a, eta Udako Liburutegia.
Xehetasun guztiak, hemen kontsultatu ahal dituzue.