Aste honetan Portugaleteko Nazioarteko Folklore Jaialdia egingo da. Aurten nazioarteko taldeen parte-hartzea ixtea zaila izan da, “mundu mailako egoeraren ondorioz”. Hala ere, Portugaletek Guam, Txile, Turkia, Kongoko Errepublika Demokratikoa eta Kubako ordezkariak hartuko ditu, Elai Alairekin batera.
Horretaz gain, aurten Haurren Nazioarteko I. Folklore Jaialdia izango da. Ekimen honen helburua “gazteenen arteko kultura-trukea sustatzea eta musika zein dantza tradizionalak hezkuntzarako, elkarbizitzarako eta inklusiorako tresna gisa balioan jartzea da”.
Lehen edizio honetan Astigar Dantza Taldea (Astigarraga), Abrente de Bágoas da Terra (Galizia), Kujawy (Polonia) eta Elai Alai (Portugalete) taldeak arituko dira.
Dantzez gain, Folklore Azokak 20. edizioa ospatuko du, eta Galiziatik, Madrildik, Kataluniatik, Palentziatik eta Gaskoiniatik (Frantzia) etorritako 22 artisauk parte hartuko dute.
Munduko Dantzak ikuskizuna uztailaren 26an egingo da, 21:00etan, bertako Carlos VII. etorbidean, eta ohikoa denez, jaialdian parte hartuko duten talde guztiak agertoki berean bilduko dira.
Ekimena beste herri batzuetara ere zabalduko da, eta Getxon, Ermuan, Elgoibarren, Berrizen eta Sondikan dantzak ikusteko aukera ere egongo da.
Egitarau osoa hemen kontsultatu ahal duzue.
