Nontzeberri

Portugaleteko Merkatuan III. Antzerki Jaialdia

Ez dira espazio oso enblematikoak behar sorkuntzari plaza eskaintzeko. Horixe egiten dute Portugaleteko Merkatuan III. Antzerki Jaialdiaren antolatzaileek. Asteburu honetan, otsailaren 6 eta 7an egingo da.

Lehen egunean, otsailak 6, Ane Gebara Gonzalez de Aixpuruk egingo du La deskarada, 20:30etik aurrera.  “Zer egin eta nola aurre egin dena aldatu denean? Antzezlan honetan pertsonen duintasuna jartzen da mahai gainean, emakume feministen gorputz eta ikuspuntutik, memoria kolektibora salto eginez”.

Hurrengo egunean, otsailak 7, hiru pieza ikusteko aukera egongo da. Lehena, 19:00etan,  Alperrak, tunanteak eta maleanteak da, Gilkitxaro Konpainiarena. “Memorian eta historian arakatuz, gozamenaren aldarrikapena eta anormaltasunaren apologia egiten duen komedia da Gilkitxaro antzerki taldearen Alperrak, tunanteak eta maleanteak.”

Geroago, 20:00etan,  Gehibat Konpainiak Zazpi urte eta erdi egingo du. Eider Villalba-Kimetz Etxabek osatzen dute Gehibat konpainia. Pieza umorearen eta heriotzak utzitako saminaren artean igerian dabilen obra zirraragarria da.

Azkenik, 21:00etan, Amahiru Konpainiak Igogailu batean amaitu zen mundua. AmaHiru konpainiak 2024ko Poltsiko Sorkuntza Saria jaso zuen antzezlan horrekin. “Izenburuak antzezlan (ia) guztia kontatzen du. Ezin dugu ezer gehiago esan. Dena azaltzen badugu honek ez dauka graziarik”.

Exit mobile version