Nontzeberri

Pop estetika, surrealismoa eta kritika soziala

Pop estetika, surrealismoa eta kritika soziala uztartzen ditu Cybèle Varela artistak, eta horren erakusgarri da maiatzaren 4ra arte Iruñeko Ziudadelako Mistoen eraikinean abiatu den Bazen behin atzera-begirakoa.

Erakusketan 1990eko hamarkadatik 2010era bitartean sortutako lanak biltzen dira. 1997ko Once upon a time (Bazen behin) proiektuaren parte da erakusketa, izen berekoa, eta beste hiru multzok osatzen dute: Why not? (Zergatik ez?, 1998), Surroundings (Ingurumariak 2000-2001) eta Travel (Bidaia, 2009-2010).
Erakustean argazkiak, margolanak, bideoak eta bestelako objektuak ikusi ahalko dira, eta hala, “bere praktika artistikoaren bilakaera azaleratzen da, eta nola aztertu nahi izan duen etengabe errealitatearen eta irudimenaren arteko harremana”.
Artearen bidez kritikaz tratatzen ditu generoaren gaia eta feminitatearena, eta identitatearen eta gizartearen itxaropenen irudikapenak aztertzen ditu. Sustrai brasildarrei errotua da bere artea baina Europako kulturarekin txirikordatzen da.

“Cybèle Varela ezin da diziplina finko batean sailkatu, eta, zer belaunalditakoa den aintzat hartuta, ezaugarri hori liluragarria da, jarrera erabat askea erakusten baitu. Diziplina guztiak baliatu eta bata bestearen atzetik kateatzen ditu, eta horren ondorioz, prozesuaren emaitza inoiz ez da izaten amaierako irudi bat: bidean ontzen du kontakizuna, helmugan baino gehiago”.

Cybèle Varela Petropolisen (Rio de Janeiro) jaio zen, Brasilen, 1943an, eta Europan eman ditu bizitzako urte gehienak: Parisen, Genevan eta Erroman, eta orain Madrilen bizi da. Nolanahi ere, “Brasilgo kulturarekin duen konpromisoa ez da inoiz ahuldu, eta bere jatorrizko herrialdeko kolorearen eta jendearen oroitzapenak erdigunean jartzen ditu bere lanetan, eta memoria, identitatea, generoa eta lekualdatze kulturala jorratzen ditu”.

Exit mobile version