Nontzeberri

Poetak Maiatzean ekimenean mota guztietako bertsoak

Gasteizen, Poetak Maiatzean Nazioarteko Poesia Jaialdiaren XIV. edizioa egiten ari dira maiatzaren 30era arte. Gasteizen eta Arabako hainbat tokitan poesia, musika eta bestelako kontu kulturalak herritar guztiei hurbilduko zaizkie.

Gaur berton, hilak 19, oso kontu interesgarria egongo da euskaraz: Bertsoak Versus. Poetak Maiatzean, IAK eta Arabako Bertsozale Elkartearen elkarlanari esker antolatu den ekimenean gazteek sortutako poesia eta bertsolaritza ekitaldi batean elkartuko dira. Bertsolariak Martin Abarrategi eta Eli Zaldua izango dira, eta poetak, Julene Gatzagaetxebarria eta Nahia Gasteasoro.

Eta larunbatean Idoia Asurmendik kontzertua eskainiko du. Idoia Asurmendi (ahotsa, pianoa eta gitarra), Ander Ederra (gitarra), Joanes Ederra (baxua) eta Karlos Arancegui (bateria) izango dira oholtza gainean. Idoiak 2021ean kaleratu zuen Ilun eta abar, bere lehen diskoa bakarlari gisa. Gero, De amar y desandar lana sortu zuen.

Diogun moduan, XIV. edizio honek Arabako hainbat herritan egingo ditu geldialdiak: Amurrio, Agurain, Kanpezu, Elburgo, Kuartango, Zalduondo, Añua, Maeztu, Santa Cruz Kanpezu Iruña Oka… eta horietan, nazioarteko poeten errezitaldiak eta tokiko topaketak antolatu dira.

Non, noiz eta zer jakiteko: Poetak Maiatzean.

Exit mobile version