Nontzeberri

Poesiak Bilbo zeharkatuko du

Gaur abiatuko da Bilbaopoesia jaialdiaren aurtengo edizioa Zeharkaldiak lelopean, eta martxoaren 24ra arte luzatuko da. Bilbok poesiarekin urtero egiten duen topaketa handi honek hogeita hirugarren edizioa ospatuko du aurten.

Bilbaopoesiak bederatzi egunez literatura eta musika uztartuko ditu bidaia ardatz hartuta, eta gai horren inguruan Bidebarrietako Liburutegiko Areto Nagusian bilduko dira estatuko zein nazioarteko idazleak, programazio iradokitzailearekin.

Programa oso luzea eta betea da, baina kontu batzuk nabarmendu behar dira, hala nola, Ida Vitale poetaren presentzia. Astelehenean, hilak 21, Poesiaren Nazioarteko Egunean, Ida Vitalek eta Bernardo Atxagak hartuko dute parte. Uruguaiko poetak, euskal idazlearen eskutik, bere ibilbide literarioan barrena eramango du publikoa, bere poema batzuk irakurrita.
Ida Vitale 45eko belaunaldiko poeta uruguaitarra eta poesia esentzialistaren ordezkaria da.  Hainbat sari jaso ditu, hala nola Octavio Paz Saria (2009), Alfonso Reyes Saria (2014), Reina Sofia Saria (2015), Federico García Lorca Nazioarteko Poesia Saria (2016), Max Jacob Saria (2017) eta Cervantes Saria (2018) ere.

Eta bihar bertan ere egun berezia izango da, Blas de Otero (Bilbo, 1916) poetaren jaiotzaren urteurrenarekin batera hasiko baita jaialdia. Eta merezitako omenaldia ere egingo zaio, Sabina de la Cruz alargunari ere. Sabina de la Cruz 2020ko azaroan hil zen, eta poeta ere izan zen, baina, bere garaiko beste hainbat emakume bezala, bere izena bere bikotekidearen itzalean geratu zen eta betiko bere figurarekin lotuta. Horrexegatik, bihar bertan, Recordando a Sabina de la Cruz izeneko saioa egingo da, eta Paco Ibáñez eta Fanny Rubio arituko dira.

Bilbotik pasatuko diren beste poeta batzuk honakoak dira: Luis Alberto de Cuenca, Julio Martínez Mesanza, Jose Fernández de la Sota, Miren Agur Meabe, Aurora Luque, Antonio Praena, Vicente Gallego, Raquel Lanseros, Carlos Marzalen, Amaia Lasa, Andoni Etxebeste, Antxon Sarasua, Dani Venegas, Jon Gurrutxaga, Urbil Artola, Paula Antía Rey, Oihana Arana, Rosa Berbel, Carlos Catena Cozar eta Mario Obrero.

Programazio osoa Bilbaopoesiak dauka.

Exit mobile version