Nontzeberri

“Poesia mailu bat da” literatur jaialdia

Aste honetan, ekainak 6, Gasteizko Gaztetxean Poesia mailu bat da literatur jaialdia egingo dute, poesia ez dela plastikozko lore bat, ez eta eskaparatean begiratzeko produktu polit bat ere lau hazietara esateko.

Azpimarra irakurle taldeak antolatu du Poesia mailu bat da literatur jaialdia. Egun osokoa programazioan poesia errezitaldia, musika, itzulpen tailerra, erakusketa,… denetarik izango da. Goizean abiatuko da ekimena itzulpengintza tailerrarekin. Teorizazioaz gain kontu praktikoak ere izango dira saioan.
Arratsaldeko tartean ipuin kontalarien txanda izango da, eta horren ostean, mahaingurua antolatu da Joseba Sarrionandia, Uxue Apaolaza eta Martin Bidaur idazleekin. Hauek hainbat gai jorratuko dituzte idazketaren inguruan, zer, nola, norentzat, idazlearen konpromisoa, ….
Poesia mikro irekia ere antolatu da, 20:00etan. Eta horren ostean kantaldia izango da.

Antolatzaileek ondoko aldarrikapena egin dute: “Ez dugu nahi poesia plastikozko lore bat izaterik. Ez dadila eskaparatean begiratzeko produktu polit bat izan, ezta erabili eta botatzeko klinexa ere. Ez dugu edertasunaren edo artearen gorazarrerik nahi. Ez dugu nahi hodeietako printzeen istorioekin burua berotzerik. Ez dugu best-sellerrik, sari potolorik edo dibertimendu hutsalik nahi. (…)
Izan dadila Literatura Jaialdia artea gure garaian kokatu eta izatea nahi dugunari buruz hausnartzeko elkargune bat. Eta ondo pasatzekoa ere bai, noski”.

Exit mobile version