Plecs, Enfila’t Kataluniako zirku ikuskizuna ikusi ahalko da aste honetan Euskal Herrian. Orotara hiru emanaldi egingo dituzte, bat Bizkaian, Santurtzin, eta bi Gipuzkoan, Donostian eta Arrasaten.
Hala, ostegunean, azaroak 10, Santurtzin izango da (Serantes Kultur Aretoa), larunbatean, azaroak 12, Donostian (Egiako Kultur Etxea), eta, igandean, azaroak 13, Arrasaten (Amaia Udal Antzokia).
Hirurogeita bost minutu irauten duen obran, lau pertsonaia elkartu eta aldenduko dira paperezko eszenatoki batean. Partitura jarraitzen saiatuko dira, soka, tekla, hodi eta artazi artean; eta atze-oihaletik, isiltasunetik, tresna bat eszenatokian agertuko da bat-batean. Modu arriskutsuan kulunkatzen da, eta gainetik akrobatak ari dira dantzan, jira-biran, makurtu eta zutitu egiten dira, eta desoreka ematen diote… desorekari.
