Nontzeberri

Pirinioak oinez zeharkatzen zituzten ainarak

Pirinioak oinez zeharkatzen zituzten Zaraitzu, Erronkari, Ansó eta Echo ibarretako milaka emakumek Maulera (Zuberoa) iritsi eta espartingintzan aritzeko. Espartin-fabriketan lan egiteko bidaiatu zuten 1870tik 1940ra, eta emakume horiek, askotan 12 urtetik beherakoak, familia eta herria utzi eta lanera joaten ziren, diru pixka bat irabazteko.
Urriaren 7an abiatzen ziren, Arrosario egunean, eta udaberriko elurrak urtu arte ez ziren itzultzen. Urtaroei lotutako migrazioa delako eta beltzez jantzita joategatik Ainarak esaten zitzaien

Garai hari buruzko Ainarak filma duzue egunotan ikusgai, izan ere, aste honetako estreinaldia zinema aretoetan izango baita. Bihar, Iruñean, Gasteizen eta Donostian ikusi ahalko da. Astelehenean Bilbon eta Madrilen izango da estreinaldia, eta abenduaren 4an, Maulen eta Erronkarin pantailaratuko dute.

Juan San Martin eta Ritxi Lizartzaren zuzendaritzapean, eta Marga Gutierrezen gidoiarekin, Anne Etchegoyen da Ainarak (Maluta Films) filmaren gidari eta protagonista, eta baita jatorrizko musikaren egilea ere. Quim Torrens aritu da argazki-zuzendari lanetan, eta Ritxi Lizartza eta Rosa García ekoizle-eragileak izan dira.

“XIX. mende amaiera eta XX.aren lehen hereneko bi Europa oso desberdin lotzen zituen oinezko bide horrek, arrazoi ekonomikoengatik egindako genero-migrazio masiboa eta urtaroei lotuta egindakoa.”

Exit mobile version