Bizkaiko Abokatuen Elkargo Ohoretsuan, eta ekainera bitartean, Fernando Biderbost artistaren margolanak ikusteko parada izango duzue.
Artistak berak honela definitzen du bere egiteko era: Nire lana instintiboa da, inprobisazioa. Inprobisazio motela, eraikia. Gero, koadroak bere baitan meditatzen du, eta pintura ordenatu dadin uzten dut. Koloreek pentsatu egiten dute, ukimenak ikusi egiten du, eta belarriek entzun.
Koadroan kokatzen dudan oro (kolorea, marrazkiak, orbanak…) bildu eta mihiztatu egiten du aireak (bere baitan bildutako atmosfera bat eragiten du). Eta hori ezin dut kontrolatu, nahi gabekoa baita. Izan ere, airea margotzea ezinezkoa da. Berez agertzen da, eta hori hartzen dut kubo batean margotzea bezalaxe, eta ez plano batean. Eta atmosfera instintibo horretan, argiak gobernatzen du. Emaitza zera da: pintura autonomo eta autoerreferentziala, ihes egiten saiatzen dena obratik aldentzen den exekutatzailearen “ni”-tik, eta horrek ezinbesteko askatasuna eragiten du espekulaziotik, kontzeptutik edo sinbolotik horren urrun dagoen zerbait sortzeko.
Nire asmoa ez da sentsazioak adieraztea; halakoak sortu nahi ditut. Errebelazio abstraktua bilatzen dut, kontakizun figuratiboa baino gehiago (nahiz eta, batzuetan, hori ere etortzen den, deitu gabe ere). Inoiz ez dut jakiten zer margotuko dudan, eta hori da horretan jarraitzeko dudan motibazio nagusia.
Nire koadroak saiotzat hartzen ditut, esplorazio plastikotzat. Iruditzen zait pintura periplo bat dela, eta helmugak inporta duela gutxien; izan ere, ibilbideko istripuek, kontraesanek, porrotek eta frustrazioek, ikasitakoek eta aurkikuntzek gorputz operatibo bat osatzen dute, eta behar bezain iradokitzailea, gainera, edozein helburutatik desbideratu eta aurreikusi ezin daitezkeen egoeretan, orientazio seinalerik gabe ere, murgiltzeko.
Sentsazio bat dago, ezen pintura nire bidez mintzatzen dela, eta ez ni haren bidez. Pintura artifizio bat da, eta gezurra, ekintza artistiko oro bezalaxe, baina sor ditzakeen sentsazio eta pertzepzio subjektiboak benetakoak dira. Hori da pinturaren izaera.